Gobernu Kontseiluak baimena eman du San Mames Barriaren estatutu sozialak aldatzeko

Gobernu Kontseilua ados agertu da San Mames Barriaren Estatutuen 5. artikulua aldatzearekin. Artikulu horren arabera, 200.343.973 euroko kapital soziala 203.423.354 eurora arte handituko litzateke eta ez dio dirurik eragingo Eusko Jaurlaritzari. Gogoratu beharra dago Jaurlaritzaz gain, San Mames Barriaren partaide direla Athletic Club-a, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kutxabank.

Athletic Clubek San Mames estadioan irisgarritasuna hobetzeko egindako eskailera mekanikoen obrak, 2,97 milioi euroko balioa duena, kapital sozialaren parte izatera igaroko da, diruzkoa ez den ekarpen gisa. Gainontzeko entitateekin akordioak gauzatu ondoren, erakunde kideen partaidetzak aldatu egingo dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzak sozietatean duen partaidetza % 22,21etik % 21,8756ra igaroko da.

Proposamen hori San Mames Barriako Administrazio Kontseiluan egin zen, eta erakunde kideen baimena behar zuen.