Lehendakaria BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sarien XV. edizioaren banaketa-ekitaldian izan da

  • Urkulluk talentuaren aldeko apustua egiteko beharra azpimarratu du, “jakintzaren gizarte batean bizi nahi badugu”
  • “Zientzia artelan kolektiboa da, herritarrei helarazi behar zaiena, duen garrantzia ulertzeko”, adierazi du Lehendakariak

Gaur arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakaria BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sarien XV. edizioaren banaketa-ekitaldian izan da. Sari horiek bikaintasun zientifiko eta kulturala maila globalean aintzatesten dute. Bertan, Lehendakariak zoriondu eta eskertu egin ditu sarituak, izan ere, “zuen lanari esker gure bizi kalitatea inoiz baino hobea da. Lasai gaude, zuen ekarpenei esker ere, gure ondorengoen bizitza hobea izango baita”

Horrenbestez, Urkulluk azpimarratu du ezagutzaren gizarte batean bizi nahi badugu, beharrezkoa dela ezagutza hori sortzen duenaren aldeko benetako apustua egitea, talentuaren aldeko apustua egitea. “Eutsi eta sustatzeko gai izan behar dugu. Behar diren baldintzak sortzeko gai izan behar dugu, horretarako irteten denak itzultzeko aukera izan dezan eta bere bizitza pertsonala eta profesionala hemen, Euskadin, garatzeko aukera izan dezan. Nolanahi ere, ezagutzari mugarik jarri gabe eta ezagutza horren garapenari mugarik jarri gabe”, adierazi du.

Aurtengo saridunen aurrean, Lehendakariak esan du zientzia artelan kolektiboa dela, euskal herritarrok auzolana deitzen dugun zerbaiten emaitza, hau da, guztion onerako elkarlanean egindako ahaleginaren emaitza. “Izan ere, gure indarrak eta talde-lana batuta egiten dugu aurrera, gehien eta ondoen, guztion onerako”, adierazi du. Era berean, aurrerapen guztiak herritarrei transmititzeko beharra azpimarratu du, “guztiok ulertu behar baitugu zientziaren garrantzia”.

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian Olatz Garamendi, Pedro Azpiazu eta Jokin Bildarratz sailburuak ere izan dira

Ezagutzaren Mugak sariak

Ezagutzaren Mugak sariek zientzian, artean eta humanitateetan eragin berezia duten ekarpenak aitortzen eta sustatzen dituzte.

Hona hemen aurtengo saridunak: Anne L’Huillier, Paul Corkum eta Ferenc Krausz, Oinarrizko Zientzietan;  David Baker, Demis Hassabis eta John Jumper Biologia y Biomedikuntzan; Alberto Sangiovanni Vincentelli, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan; Susan Alberts, Jeanne Altmann eta Marlene Zuk, Ekologian eta Kontserbazioaren Biologian; James Zachos eta Ellen Thomas, Aldaketa Klimatikoan; Timothy Besley, Torsten Persson eta Guido Tabellini, Ekonomia, Finantza eta Enpresen Kudeaketan; Steven Pinker eta Peter Singer, Humanitate eta Gizarte Zientzietan; eta Thomas Adès, Musika eta Operan.