Azpiazuk EBko Next Generation funtsak nabarmendu ditu sektore publikoak, pribatuak eta gizarte osoak ihes egiten utzi behar ez duten aukera gisa

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren ustez, “sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza estuak” bidea eman du “pandemiarekin eta Ukrainaren inbasioarekin bizi izan ditugun krisialdi latzak” eramateko. Balantze hori egin du gaur Azpiazu sailburuak, “Quién es Quién en la economía vasca – 2023” (nor den nor euskal ekonomian) liburuaren aurkezpena dela-eta Bilbon egin den enpresa-jardunaldiaren amaieran, Empresa XXI aldizkariak antolatuta.

Foro horretan, Azpiazuk “konfiantza- eta baikortasun-mezua” berretsi du, “ahaleginez denok nazioarteko ziurgabetasun geopolitikoa eta inflazioaren inpaktua tokian-tokian kudeatzen ari garen neurrian, pertsona kalteberekiko elkartasun- eta babes-sareak indartuta”.

Errealitate horrek, bere iritzian, aukera ematen du “jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat emateko prest egoteko, gure herria eraldatzeko eta datorkigun mundu digitalagora egokitzeko, nahitaez berdeagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa izan beharko duen mundu horretara. Horretarako, inbertitu, inbertitu eta inbertitu egin behar dugu gure etorkizunean”.

Ildo horretatik, Next Generation Europako funtsen egitekoa nabarmendu du; izan ere, “harrapatu behar dugun eta ihes egiten utzi behar ez dugun aukera bat dira, eta hori egin behar dugu, jakina, sektore publikoan, baina baita sektore guztietako enpresetan eta gizarte osoan ere, erabakitasunez lagunduta eta bultzatuta”.