Euskadin biztanleriaren batez besteko adina 45,7 urtekoa da eta 15 eta 29 urte bitarteko gazteak biztanleria osoaren % 14,2 dira

64 urtetik gorako 100 biztanleko 15 eta 29 urte bitarteko 61,3 gazte daude

Euskadiko biztanleriaren batez besteko adina 45,7 urtekoa da, Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, argitaratu dituen azken datuak oinarri hartuta (2022ko uztailaren 1ekoak). Batez besteko hori Europar Batasuna osoari dagokiona baino altuagoa da, EBko biztanleriaren batez besteko adina 44,4 urtekoa baita.

Italia, Portugal, Grezia eta Alemaniaren biztanleriak gurea baino apur bat zaharragoak dira. Eta Zipre, Irlanda eta Luxenburgo dira, Europar Batasunean, beren biztanleriaren batez besteko adina 40 urtetik behera duten herrialde bakarrak.

Europar Batasuneko biztanleriaren batez besteko adina 2022an, herrialdeka (urteak)

Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko 310.433 gazte bizi dira eta gure autonomia erkidegoko biztanle guztien % 14,2 dira.

Gazteek Euskadiko biztanleria osoan duten pisua Europako txikienetakoa da (Europar Batasunean gazteen proportzioa, batez beste, % 16,2koa da).

15 eta 29 urte bitarteko gazteak biztanleria osoan diren ehunekoa 2022an, EBko herrialdeka (%)

Bestetik, kalkulatzen badugu 64 urtetik gorako 100 pertsonako zenbat 15 eta 29 urte bitarteko gazte dauden Euskadin, ikusten dugu ratioa 61,3 dela.

Orain dela 10 urte, 2012an, 71,5 gazte zegoen 100 nagusiko. Urte hauetan gazteen ratioa, biztanleria nagusiarekiko, ehuneko hamar puntu jaitsi da.

Eta zifra hori Europar Batasuneko herrialdeetan erregistratutakoarekin alderatuz gero, ikusten dugu EBko batez bestekoaren (76,8) azpitik egoteaz gain, Europako baxuena dela.

15 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua 64 urtetik gorakoena baino handiagoa da Luxenburgon, Irlandan eta Zipren bakarrik.

15 eta 29 urte bitarteko gazteen ratioa 64 urtetik gorako 100 biztanleekiko 2022an, EBko herrialdeka (%)

Eusko Jaurlaritzak 2022an onartu zuen Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategia. Estrategia horretan, hainbat neurri jasotzen dira demografiaren berreskurapenaren aldeko baldintza-ekosistema bat eratzeko. Erronka demografikorako 2030erako Euskal Estrategia bi dokumentu bereizitan aurkezten da, eta esteka hauetan kontsulta daitezke:

I.Esparru orokorra

II.Dokumentu operatiboa