Gobernu Kontseiluak Trafiko Zuzendaritzako eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzako aldaketak onartu ditu

  • Sonia Díaz de Corcuerak Estibaliz Olabarriri pasatuko dio Trafiko Zuzendaritzaren lekukoa
  • Asier Erkorekak Aitor Leteren lekua hartuko du Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren buruan 

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaritzetako aldaketa bana onartu ditu gaur. Sonia Díaz de Corcuerak eta Aitor Letek euren karguak utzi dituzte, eta Estíbaliz Olabarri izango da Trafiko Zuzendaritzaren buruan eta Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren buruan.

Díaz de Corcuerak 2016ko abenduaren 31n hartu zuen kargua, eta, ordutik, Euskadiko bide-sareko bide-segurtasunaren kudeaketa zuzendu du, arreta berezia jarrita trafiko-istripuen prebentziorako bide-hezkuntzako formakuntzan. Bere zuzendaritzapean diseinatu da Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoa, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren arloko politikak zuzentzen dituen bide-orria, bai eta legealdiko trakzio-proiektuetako bat ere: Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna, Euskadi trafikoaren kudeaketaren arloan erreferente izatea helburu duena.

Bere lekukoa Estibaliz Olabarrik, Santurtziko Udalean 9 urtean zinegotzi izan zenak, hartuko du. Zuzendari berria uztailaren 14an hasiko da lanean Eusko Jaurlaritzako arlo horretan, eta adierazi behar da 2013tik 2019ra bitartean aipatutako Bizkaiko udaleko Barne Araubidea eta Hirigintza eta Ingurumena arloak zuzendu zituela.

Bestalde, Letek 2020ko urriaren 10ean hartu zuen bere kargua Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren buruan, eta ordutik Segurtasun Saileko antolaketa-proiektuak eta jarduketa-plan orokorrak gainbegiratu ditu, bereziki Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra. Horrez gainera, Euskadiko udaltzaingoekin lankidetza bideratu du eta Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroa kudeatu du.

Asier Erkorekak, Euskadiko Udaltzainburuen Elkartearen lehendakari ohia eta, Mungiako Udaltzaingoaren arduraduna 10 urtean izan ondoren, azken lau urteotan Basauriko Udaltzaingoaren burua izan denak, ere uztailaren 14an hartuko du bere kargua.

Segurtasun Sailak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik orain arte Trafikoko zuzendaria izan denari eta orain Gasteizko Udaleko Kultura eta Eraldaketa Digitaleko zinegotzi-kargua hartuko duenari, eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendariari, eta zortea opa die euren ibilbide profesionalean.