SMARTPMk teknologia berrien aldeko apustua egin du bere automatizazio-plataforma hobetzeko

2019an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaioa, SMARTPMk argi uzten du urtez urte teknologiaren eta ikerketaren alde egiten duen apustua. 2020an mekanizazio-industriarako MIC izeneko automatizazio-plataforma aurkeztu ondoren, teknologia eta prestazio berriak gehitzen jarraitu du, automatizazioari eta plangintza dinamiko adimendunari dagokienez aurrera egingo duen soluzio disruptibo bat sortzeko. Apustu horrek, gainera, langileen hazkundea bultzatu du, 2020an automatizazioko taldean 5 pertsonako plantilla izatetik, 2023an 15 profesionaleko lantaldea izatera igaro baita.

Duela gutxi, aliantza estrategiko bat itxi du Bartzelonako Tecnocim enpresarekin. Konpainia horrek 35 urteko esperientzia du bezeroei digitalizaziorako bidean laguntzen, lehen sistema informatikoen eta CAMen ezarpenetik, 4.0 teknologiak hartu arte. “Gaur egun, gero eta eskaera zorrotzagoa dugu malgutasunari eta kostuei dagokienez, lan-merkatu konplexuagoa dugu, eta industrian aplikagarriak diren teknologia berriak sortzen ari dira. Testuinguru horretan, Tecnocimekin dugun lankidetzak adimen artifiziala ekoizpen-sektorera hurbiltzea ahalbidetzen digu, eta horrek aurrerapen handia suposatzen du etorkizuneko fabrikaren kudeaketan “, azpimarratu du José Castellanos SMARTPMko zuzendari nagusiak.

Hori horrela, MIC plataformak, adimen artifizialean oinarritutako gaitasunak gehituta, “enpresaren produkzio-aktibo guztiak konektatzen ditu. Egin beharreko lanak banatu eta koordinatzen ditu, eta sor daitezkeen zirkunstantzien aurrean erabakiak denbora errealean hartzen ditu, esperientziatik ikasiz kalitatean eta produktibitatean etengabeko hobekuntza lortzeko”, azaldu du Castellanosek. AFM Clusterrek antolatutako Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Berrikuntzaren Sari Nazionalaren 14. edizioan, 2022ko Berrikuntza Saria ere jaso du dagoeneko plataformak.

Aldi berean, Gipuzkoako enpresa ADIMERTZ ikerketa-proiektuan murgilduta dago. Orona, GH Cranes & Components, EUN, ERREKA eta Hettich enpresek ere parte hartzen dute proiektu horretan, Fagor Electrónicaren gidaritzapean. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko hainbat eragileren laguntza ere badu, hala nola IKERLAN (BRTA aliantzako kidea), Orona EIC eta Egile Innovative Solutions.

Eusko Jaurlaritzak ,Hazitek programaren bidez, eta Europar Batasunak finantzatzen du, eta haren helburu nagusia hardware, software, tresnak eta teknikak garatzea da, industria-sistemen automatizazio-mailak handitzeko, Adimen Artifizilean, Edge-n konputazioan eta/edo kontrol aurreratuan oinarrituta, gailuen eta sistemen bizi-ziklo osoan zehar autokudeaketa eta euskarria bermatuz.

Ildo horretan, SMARTPMk zeregin argia du proiektuaren barruan: MIC plataformaren arkitekturan Edge gaitasunak integratzea, arkitektura banatutik abiatuta, “datuak atzemateko eta erabakiak hartzeko gaitasuna modu arin, malgu eta autonomoan indartzeko”, nabarmendu du Castellanosek.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.