Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia proiektua Silverstonen lehiatuko da, lehen aldiz bi modalitatetan: ibilgailu elektrikoa eta ibilgailu autonomoa

Formula Student Bizkaia proiektua azken ikasturte honetan gogotsu lanean aritu da Bilboko Ingeniaritza Eskolako 60 ikasle eta 3 irakaslek osatutako taldeak aurrekaririk gabeko bi ingeniaritza-erronka lortzeko. Alde batetik, FSB2023ren diseinua eta eraikuntza. Azken belaunaldiko eserleku elektriko bat da FSB2023, eta trakzio osoa du. 0 km/h-tik 100 km/h-ra bitarteko abiadura har dezake 3 segundoan, eta «Endurance» lasterketaren 22 itzuliak egin ditzake, erritmo bizian. Bestalde, GidarIA izeneko «made in Euskadi» gidatze autonomoko lehen sistemaren diseinua. Sistema horren bidez, ibilgailu automatizatu batera konektatu ondoren, inguruko sentsoreen datuak aztertu eta zirkuitua modu autonomoan egiteko erabaki egokiak har daitezke.

Proiektuko ikasleek, irakasleen tutoretzapean, ikasturte osoan lan egin dute beste herrialde batzuetako unibertsitate onenek garatutako ereduen aurka borrokatzeko gai diren bi prototipo horiek amaitzeko. Hala, FSB2023 prototipo elektrikoak trakzio-sistema berri bat du, gurpil bakoitzean integratutako lau motor elektrikok osatua. Ingeniaritza-erronka horri aurre egiteko, ikasleek berek diseinatutako software baten bidez optimizatutako bateria-sorta bat jarri behar izan dute, eta, horri esker, 110 zp-ko potentzia 228 kg-ko pisuan garatzera heldu dira. Ibilgailuaren egonkortasuna bermatzeko, ikasleek esekidura banandu berri bat eta pack aerodinamiko berri bat diseinatu dituzte, ibilgailuari edozein baldintzatan heltzeko.

Helburua: Top 10 berrestea eta muga berriak irekitzea

2006an sortu zenetik, proiektuak goranzko ibilbidea izan du, eta gero eta erronka teknologiko konplexuagoei heldu die. Horiei esker, proiektuak bere prestakuntza hobetu ahal izan du, teknologiaren joerei eutsi die, eta, aldi berean, gero eta emaitza handiagoak lortu ditu lehian, nazioarteko erreferente gisa finkatzeko.

Formula Student UK nazioarteko lehiaketaren 2023. edizioari begira, irakaskuntza-proiektuak bi helburu nagusi ditu. Batetik, Silverstoneko zirkuituan nazioarteko erreferente gisa duen posizioa berrestea, bosgarren urtez jarraian sailkapen orokorreko Top 10ean sartzea lortuz. Bestalde, GidarIA gidatze automatizatuko sistema berria, proiektuaren barruan kontsolidatutako zatiketa berri baten oinarria bihurtzea gidatze autonomoan aurrera egiteko, hau izango delako automobilgintzaren etorkizuna.

FSB2023 ekipoa: Gure enpresen etorkizuna

Formula Student Bizkaia irakaskuntza-proiektu bat da, irabazi-asmorik gabea, eta, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolaren babespean, ikasleen prestakuntza, talentua eta enplegagarritasuna sustatzea du helburu. 2006an sortu zenetik, «Enpresa unibertsitatean» izeneko ikaskuntza-metodologia berritzaile bat definitu du proiektuak, rol- eta erantzukizun-sorta bat konbinatzen duena, non ikasleak fikziozko enpresa batean integratzen baitira, eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza-eredua jarraitzen duten.

Eredu horri esker, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eskaintzen diren Ingeniaritzako gradu eta masterretako 550 ikasle baino gehiago trebatu ahal izan dira, eta, gainera, Europa osoko Formula Student lehiaketetan ikasturte osoan landu dutena probatzeko esperientzia bizi izan dute.

Proiektuaren arrakasta, lehiaketako emaitzetan ez ezik, partaideen prestakuntzan eta pertsonalki ere neurtzen da. Proiektuan bizitako prestakuntza eta esperientzia gero eta gehiago baloratzen dituzte gure inguruko enpresek, etorkizuneko erronkei irtenbidea emango dieten etorkizuneko ingeniarien bila baitabiltza. Bertan aktiboki parte hartzen duten 40 enpresen artean Bizkaiko Foru Aldundia, Alunid, Bilboko udala, Batz, Idom, Imedusa, Inarak, Ingemat, Madit, Sener, Sistemodel eta Tecnalia nabarmentzen dira.

Aurten, Formula Student Bizkaia proiektua Industria Teknologiako Ingeniaritzako, Ingeniaritza Mekanikoko, Industria Elektronikako eta Automatikako Ingeniaritzako, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritzako, Kudeaketa Ingeniaritza Informatikoko eta Informazio Sistemetako 60 ikaslek osatzen dute, baita Automatizazio, Ingeniaritza Mekaniko eta Kontroleko Masterrak ere. Proiektuaren «Team Leader» Ainhoa Franco da, Industria Ingeniaritzako Masterreko ikaslea eta Ikasle-taldea zuzentzeko ardura du, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Díez proiektuaren tutore diren Bilboko Ingeniaritza Eskolako hiru irakasleen laguntzarekin.