Litek Pharma, aplikazio biosanitarioetarako isolagailuen diseinuan eta fabrikazioan aditua

Litek Pharma, 2021ean sortutako euskal enpresa, prozesu kritikoetarako babes-soluzioak diseinatzen eta fabrikatzen dihardu. “Aplikazio askotarako isolagailuak diseinatzen eta fabrikatzen adituak gara; terapia aurreratuetarako isolagailuak, esterilitate-testerako isolagailuak, euste isolagailuak, etab.”, azaldu du Javier Alonsok, Litek Pharmako General Managerak. 

Bizkaiko enpresak, batez ere, sektore farmazeutikoko bezeroentzat egiten du lan. “Batzuetan beste sektore batzuetako enpresekin ere egiten dugu lan, hala nola, ikerketakoak, ospitaleetakoak, bioteknologiakoak eta antzekoak”, dio Javier Alonsok. Enpresa merkatu globalera bideratuta dago, eta, beraz, bezeroak nazionalak nahiz atzerrikoak dira. “Latinoamerikan, Europan, Asian eta Afrikan ari gara proiektuak lantzen”, gehitu du Alonsok. 

Negozio-aukera baten ondorioz, enpresak isolagailuen arloan lan egitea erabaki zuen. “Balio teknologiko handiko produktuak garatzeko aukera izan genuen, botika- eta bioteknologia-sektoreetara bideratuak”, azaldu du General Managerrak. Hain zuzen, “sektore horietan arreta jartzean, euskal polo industrial bat sortzen laguntzen dugu, lurraldean berrikuntzarekin eta aurrerapenarekin konprometituta dauden mundu mailako erreferentziazko enpresekin batera”, argitu du. 

Litek Pharmak 20 profesional inguru ditu lantegiaren eta bulego teknikoaren artean. “Kualifikazio handiko taldea dugu, eta esperientzia handia dugu ekipoen fabrikazioaren sektorean”, azaldu du. Berrikuntza eta I+G eguneroko lanaren zati dira. “Esparru horiek landu eta garatzeko denbora eta baliabide asko inbertitzen ditugu merkatuaren eta bezeroen beharrak aztertzeko eta ulertzeko”, dio Alonsok. Enpresak hurbiletik lan egiten du bezeroekin, eta bere proiektuen beharretara egokitzen diren taldeak sortu nahi ditu. “Zuzenean ezagutzen ditugu merkatuan dauden beharrak, eta, horri esker, bezeroekin bat datozen irtenbide aurreratuak eta eguneratuak gara ditzakegu” adierazi du. 

Etorkizunari begira, Ugao-Miraballesen egoitza duen enpresa lanean ari da nazioarteko erreferente izateko. Javier Alonsoren esanetan, “erreferenteak izan nahi genuke industriarentzako isolagailuen bidezko soluzioetan, prozesu aseptikoei eta euste-prozesuei aplikatuta eta irtenbide oso berritzaileekin”.  

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.