«Indargarri animiko oso garrantzitsua da»

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da hedabideen aurrean, lehoiek denboraldiko bigarren garaipena jarraian lortu ostean, San Mamesen aurrenekoa, Betisi 4-2 irabazita, 0-2ko markagailuari buelta emanda: «Hiru aldiz iritsi dira eta bi gol egin dizkigute lehen aukeretan. Hamargarren minutuan 0-2 galtzen zoazenean egoera zaila da. Hori aldatzeko borrokatu dugu, bultza egin dugu, sinesten jarraitu dugu, egoera zail bati aurre egin diogu eta atsedenaldira iritsi aurretik markagailua gure alde jarri dugu. Gero bigarren zatia itxiagoa izatea interesatzen zitzaigun eta hiru puntuak eskuratu ditugu«.

Teknikari zuri-gorriaren ustez, emaitza honek moral handia ematen dio taldeari: «Gauzak maldan gora jarri eta buelta ematea lortzen duzunean, oso indargarri animiko garrantzitsua da. Gerta dakizukeen hurrengoan, kontrako egoera bati aurre egiteko gai zarela jabetzen zara. Ez dut ukatuko plus bat dela taldearentzat. Guretzat funtsezkoa da berriro ere golak sarritan sartzea eta San Mamesen hiru puntuak lortzea. Gure zelaian indartsuak izatea nahi dugu, iragan denboraldian nahi genuena lortu ez genuela kontuan hartuta. Mundu guztiak daki hona etortzen denean partida gogorra izango duela zain«.