Passion for Knowledge bueltan da, bipil eta indartsu

Passion for Knowledge jaialdiak irudi berria du aurten, eta publiko-mota ororentzako jarduera-programa zabala. Gala-jantzian helduko da zientzia gurera azken aurkikuntzak herritarrekin partekatzeko, urriaren 2tik 7ra, Donostian, Bilbon eta bete herri batzuetan egingo den jaialdiaren edizio berri batean.

Passion for Knowledge jaialdiaren helburua da zientzia funtsezko kultura-jarduera gisa sustatzea, hurrengo belaunaldien ongizateari laguntzeko eta ezagutza nabarmentzeko zientzia-, teknologia- eta kultura-aurrerapenaren eragile gisa. Era askotako ikusle-entzuleentzako jarduera-sail batekin osatu da programa: Bigarren Hezkuntzako ikasleekiko topaketa jendetsuak, ikertzaile gazteentzako dibulgazio-saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, bertso-saioa, Naukasen kolaboratzaileen eta streameren dibulgazioa, proiekzioak, etab.

Jaialdiaren egoitza nagusian —Victoria Eugenia antzokian— arratsaldez egiten diren hitzaldi nagusiak dira jaialdiaren egitarau zabalaren jarduera bereizgarria. Zenbait Nobel saridunen eta zientzia-diziplina askotariko nazioarteko izen handien eskutik, ikus-entzuleek fisika kuantikoaren, kimikaren, biomaterial adimendunen, botanikaren edo bioteknologiaren berri izango dute.

Aurtengo gonbidatuen artean, besteak beste, hauek izango ditugu: Özlem Türeci, zeina giltzarri izan baita COVID-19aren aurkako txertoaren lasterketan; Didier Queloz (2019ko Fisikako Nobel sariduna), lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage (2016ko Kimikako Nobel sariduna), makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, zeinak Fisikako Nobel saria jaso baitzuen 2018an laserren eremuan egindako ikerketa aitzindariari esker; Dario Gil, IBMko presidenteordea eta IBM Researcheko zuzendaria, non konputazio kuantikoko munduko laborategirik handiena garatzen baitihardute; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsarren aurkitzailea. Luxu benetakoa, guztion eskura, eta, gainera, saio bereziak Euskalduna Jauregian eta Beasaingo CAF enpresan.

Tradizioak agindu bezala, Victoria Eugenia antzokian, gainera, Bertso Passion ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. Bertsolaritzaren izen nabarmenetako batzuk entzuteko aukera izango da, hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña; horretaz gainera, Naukas Passion-en saio ezagunak ere izango dira, non zientziaren dibulgazioan eta komunikazioan diharduten Espainiako zenbait izen ospetsuk parte hartuko baitute. Aurten, gainera, formatu berri bat estreinatuko du jaialdiak: Streamer saioak; Espainiako eduki zientifikoko streamerik onenak oholtzara igoko dira, eta hainbat gai zientifiko eta teknologikoren azken aurrerapenak partekatuko dituzte guztiokin.

Jaialdiaren aurtengo edizioan ere, ohi bezala, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eta punta-puntako ikertzaileen arteko Topaketa jendetsuak egongo dira; aurten, bost Nobel saridunek parte hartuko dute topaketotan. Topaketon helburu nagusia da gazteengan —bereziki, neskengan— zientzia ezagutzeko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea. Telefónica, EDP eta UPV/EHU topaketen babesle dira. Aukera paregabea da ikasleei ezagutzarekiko grina helarazteko. Topaketetan parte hartzeko, ikastetxeek lekua erreserbatu behar dute irailaren 8a baino lehen jaialdiaren webgunean: https://p4k.dipc.org/eu/izen-ematea-topaketak.

Halaber, ‘STROM – Astronomia inklusiboa’ izeneko astronomia-erakusketa berritzaile bat inauguratuko da jaialdiarekin batera. Erakusketa horrek ateak zabalduko dizkio inklusioari, eta, hala, ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako esperientziak eskainiko ditu: esate baterako, aukera emango du planeten gainazala eta Ilargiaren kraterrak hatzez ukitzeko edo Eguzkiak egiten dituen soinuak entzuteko. DIPCk berariaz Passion for Knowledge jaialdirako, eta Tabakalerarekin elkarlanean, antolatu du erakusketa, eta urriaren 4tik 31ra bitartean bisitatu ahal izango da Tabakalerako 3. solairuan.

Asteburuan, bestalde, Passion Txiki egingo da Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Txikientzako zientzia-jaialdi txiki bat da, Kutxa Fundazioaren laguntzari esker antolatua, esperimentu-tailerrak, ipuin-kontalari zientifikoak, jokoak eta beste zenbait jarduera eskainiko dituena etxeko txikientzat.

2023ko Passion for Knowledge DIPCko patronoen etengabeko laguntzari esker antolatu ahal izan da: Eusko Jaurlaritza —Hezkuntza Sailaren eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bitartez—, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Donostiako Udala, Kutxa Fundazioa, Telefónica, EDP eta CAF; bai eta Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailaren eta Berrikuntza Funtsaren bidez ematen duen berariazko finantzaketa bati esker ere.

Pedro Miguel Etxenikek DIPCren ideia gidaria nabarmendu du, hots, “zientziak balio kultural eta hazi eraldatzaile” gisa duen garrantzia, eta garbi utzi du nahitaezkoa dela pentsamendu kritikoa informazio gehiegizkoaren eta fake newsen garaiotan. DIPCko lehendakariak Hipatiaren aipu bat erantsi du: “gorde ondo hausnartzeko zure eskubidea, gaizki pentsatzea ere hobea baita ezer ez pentsatzea baino”, eta ezagutzaren jaialdi honetan parte hartzeko gonbita egin die herritar guztiei.

Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariak nabarmendu duenez, “Mundu mailako punta-puntako ikerketa-erakundeak dituen zientzia- eta ezagutza-hiri bat da Donostia. Testuinguru horretan, beraz, jarduera hori herritarrei helarazteko ekimen naturala da Passion for Knowlege jaialdia, aukera aparta guztiok partekatzeko ezagutzarekiko lilura. Oso zaila da munduan zehar gurea bezalako jaialdi bat aurkitzea”.

Aurkezpena amaitzeko, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du “Eusko Jaurlaritzarentzat eta Hezkuntza Sailarentzat zientzia, teknologia eta berrikuntza-politika lehentasuna da, eta hori, batez ere, euskal gizartearentzat ere lehentasunezkoa delako da horrela. Ezagutza pertsona ororen ondasun publikoa da; hori zabaltzea interes publikoko kontua da eta hedapena ematea da demokratizatzeko modurik onena. Zentzu horretan, Passion for Knowledge zientzia-jaialdia luxua da, ikasleei, irakasleei eta gurasoei hainbat jarduera eskaintzeko aukera ematen baitigu”.

Jaialdiko jarduera guztiak doakoak izango dira. Euskarara, gaztelaniara eta ingelesera itzultzeko interpretazio-zerbitzua izango da. Victoria Eugenia antzokian egingo diren saio nagusiak zuzenean emango dira streamingean jaialdiaren webgunearen bidez, bai eta dibulgazioa, zientzia, ezagutza eta teknologia zabaltzen dituen eitb.eus-en Kosmos atariaren bidez ere: (eitb.eus/kosmos). Gainera, saioak zuzenean eskainiko dira orobat EITBren YouTubeko kanalean (https://www.youtube.com/@EitbEus), eta, ekitaldia amaitutakoan, Euskal Irrati Telebistaren Kosmos atalean, eta atari nagusian (Nahieran https://www.eitb.eus/eu/nahieran/), zeinak aukera ematen baitu edukiak nahieran ikusteko, nonahi eta noiznahi.

2023ko Passion for Knowledge (P4K) jaialdiko jardueretan parte hartzeko, jaialdiaren webgunearen bidez erregistratzea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org. Zabalik dago dagoeneko Victoria Eugenia antzokiko eta Bilboko jarduera publikoetarako erregistratzeko aukera (egunez eguneko erregistroa). Passion Txikin izena emateko aukera, berriz, irailaren 7an zabalduko da, goizeko 10etan.

Jaialdiari buruzko azken berriak jasotzeko, eman izena jaialdiaren newsletterrean: https://p4k.dipc.org/en/home#newsletter