Industria Deskarbonizatzeko Laguntzen Programak hamar milioi euro bideratuko ditu berotegi-efektuko gasak murrizteko instalazioetan inbertsioak sustatzeko

Eusko Jaurlaritzak industria-produktu eta -prozesuei lotutako industria-enpresei eta zerbitzu-enpresei laguntzeko programa onartu du, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak murriztea ahalbidetuko duten instalazio produktibo berri eta/edo lehendik daudenetan inbertsioak sustatzeko. Horretara, hamar milioi euro bideratuko dira.

Laguntza-programa horrek inbertsio-erabakiak aurreratzea eta euskal industriari laguntzea ahalbidetuko du, klima-neutraltasuneranzko trantsizio-testuinguru europar eta global batean lehiakorra izaten jarrai dezan. Industria-sektorea erronka horrekiko konpromisoa erakusten ari da, eta emaitzak oso positiboak dira:

  • Sektore horrek Euskadiko emisioen % 20 hartzen du (zuzeneko emisioak), baina kontsumitzen duen elektrizitateari lotutako isuriak kontuan hartuz gero (zeharkako isuriak), ehuneko hori % 30eraino igoko litzateke.
  • Araututako sektoreen emisioek, hau da, «EU ETS» isurketa-eskubideen Europako merkataritzaren araudiaren barruan daudenek (energia-sektorea eta energia-kontsumoan intentsiboak diren industria-sektoreak, batez ere), % 44 jaistea lortu dute, 2005. urtearekin alderatuta, erregimen horren funtzionamenduko lehen urtea baita.

Laguntzak industria-sektore guztietara bideratzen dira deskarbonizazioa bultzatuko duten inbertsioak babesteko, Europako araudia errespetatuz, jarduketa-sorta zabala barne hartuz —bai energia-kontsumoaren ondoriozkoak, bai ekoizpen-prozesuen ondoriozkoak—, eta, aldi berean, ahalik eta sinplifikazio handiena bilatuz, bai enpresa eskatzaileentzat, bai laguntza-programaren kudeatzaile publikoentzat.

Enpresa Handiek eta Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) jaso ahal izango dituzte agindu honetan adierazitako dirulaguntzak, baldin eta erauzketako industria-enpresak, enpresa eraldatzaileak, ekoizpenekoak eta industria-produktuari eta industria-prozesuari lotutako zerbitzuetakoak badira, eta laguntzaren xede diren inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte. 

Laguntzen Agindua

  1. Enpresek gutxienez 100.000 euroko inbertsio onartua egin beharko dute.
  2. Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa oinarritu beharko dute, inbertsio horien memoria zehatza eginez. Eta jarduketek atzeraezinak izan beharko dute.

Deialdi honek kalkulu-orri bat planteatzen du —eskatzaile guztiek erabili beharrekoa—, enpresei aukera ematen diena ekidindako emisioen kalkulua egiteko, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren ondorengo CO2eq emisioak inbertsioa egin aurreko egoeran zeuden CO2eq emisioekin alderatuz. 

Diruz lagundu daitekeen inbertsiotzat hartuko da —dirulaguntzak kalkulatzeko— enpresaren aktiboan kategoria hauetakoren batean txertatzen diren aktibo finkoak eskuratzea:

  • 212 Instalazio teknikoak.
  • 213 Makineria.
  • 215 Beste instalazio batzuk.
  • 217 Informazioa prozesatzeko ekipoak.

Adibide gisa, eta izaera mugatzailerik gabe, honako inbertsio-tipologia hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza: hondakin-beroak berreskuratzeko sistemek, erregai fosilen kontsumoa ordezkatzea edo murriztea ahalbidetzen duten inbertsioek —hala nola hidrogeno berriztagarria edo biomasatik datozen erregaiak erabiltzea—, prozesu termikoen elektrifikazioak (bero-ponpa eta beste batzuk), energia-kontsumoa kontrolatzeko eta aurrezteko sistema digitalek, eta abar.

Dirulaguntzek 1.500.000,00 euroko muga maximoa izango dute enpresa eta/edo enpresa-talde bakoitzeko.

Eskaerak aurkezteko epea 2023ko urriaren 20an amaituko da, 12:00etan. Izapideak egiteko jarraibideak hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1236401.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» izenekoaren bidez aurkeztuko dira, baita eskabidea egin ondorengo izapideak —jakinarazpenak barne— ere: https: //www.euskadi.eus/micarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

Itun Berdea

Europar Batasunaren Itun Berdeak Europa 2050erako klimaren aldetik neutroa izango den lehen kontinentea bihurtzeko helburua ezarri zuen. Klimari buruzko Europako legeria loteslea da horri dagokionez, eta tarteko helburu gisa ezarri du berotegi-efektuko emisioak gutxienez % 55 murriztea, 1990eko mailekin alderatuta, 2030erako.

Konpromiso horren barruan sartzen dira «Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren 2021-2024 Plana (ETKAP 2021-2024)» —Eusko Jaurlaritzak 2021eko azaroan onartua— eta Euskal Autonomia Erkidegoan neutraltasun klimatikoa 2050 baino lehen lortzeko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Lege-proiektua —Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko maiatzaren 16an onartua—.

ETKAPak jarraipena ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoak klima-aldaketaren arloko politika aktiboen garapenean duen ibilbide luzeari. 2008-2012 epealdirako Klima Aldaketaren aurkako lehen Euskal Planaren ondoren, 2015ean KLIMA 2050 Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko berotegi-efektuko gasen emisioak 2030. urterako gutxienez % 40 eta 2050. urterako gutxienez % 80 murrizteko helburuarekin, 2005. urtearekin alderatuta.

Klima-neutraltasunaren helburuak lortzeko, ahalegin handiak egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko esparru ekonomikoetan, eta, bereziki, industria-ehunean, bere ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioei aurre egin beharko baitie. Inbertsio pribatu horiek funts publikoen laguntza egokia beharko dute, eta, aldi berean, Estatuko laguntzei buruzko Europako araudia errespetatuko dute.

Zeharka bada ere, klima-neutraltasunerako trantsizioak ere aukerak ematen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektore estrategikoak garatzeko, hala nola energia berriztagarriak, hidrogeno berdea eta energia-biltegiratzea balio-kate osoan zehar.

Teknologia horien hedapenak, halaber, energia-autohornikuntzan eta baliabideen erabilera efizienteagoan lagunduko du, eta horrek guztiak ingurumena zaintzea eta klima-aldaketarekiko erresilientzia areagotzea ekarriko du, baita kanpokoarekiko energia-mendekotasun txikiagoa izatea ere. Aurrezteak eta energia-efizientziak ere zeregin garrantzitsua izan behar dute, energia primarioaren eta azken energiaren kontsumoak murriztuz.