Interneten edukiak kudeatzeko ekitaldi nagusia urrian egingo da Eibarren

Plone-Ploneconf konferentzia Eibarren egingo da aurten, urriaren 2tik 8ra bitartean, eta Interneten edukiak kudeatzeko ekitaldi nagusia da. Urtero egin ohi den konferentzia horren 20. edizioa izango da aurtengoa eta dozena bat erakunde eta enpresa ditu babesleen artean. Horietako batzuk dira hauek: SPRI Taldea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eibarko Udala, Udako Euskal Unibertsitatea eta RedTurtle, Jazkarta, CodeSyntax, Six feet up, eCityclic, Nuclia, Zest Software, KitConcept edo Starzel.

Plone edukiak kudeatzeko sistema da eta edozein webgune mota eraikitzeko erabil daiteke: atariak, webgune korporatiboak, kanpoko edo barneko webguneak, albisteak argitaratzeko tokiak (blogak barne), onlineko dendak
(e-commerce), dokumentuen errepositorioa egitekoak eta elkarlanerako tresnak. Kode irekian oinarritutako garapena da.

PloneConf 2004tik urtero (gehienetan urrian) toki ezberdin batean egiten den egitasmoa da. Tokio, Bukarest, Boston, San Frantzisko, Brasilia, Ferrara eta Bristol izan dira aurreko edizioetako topaguneak. Oraingoan, Eibarrera ekartzea lortu dute.

Azken edizioa, 2022koa, Namur-en (Belgika) egin zuten. Bertan, profil teknikoko 200 pertsona inguru (ingeniariak, garatzaileak, sistemekin eta diseinuarekin lotuta lan egiten dutenak, UX arlokoak…), 20 herrialde baino gehiagotatik (Alemania, Frantzia, AEB, Brasil, Italia, Belgika, Japon, India eta Hegoafrika, adibidez) iritsitako profesionalak eta enpresak, elkartu ohi dira, baina beste hainbatek egitasmoaren jarraipena online egiten dute.

Egitasmoak irauten duen zazpi egunetan, ikastaroak oinarri izango dituzten bi egun egongo dira, hitzaldietarako beste hiru, eta garapen teknologiko esprintak egiteko beste bi egun.

Prestakuntza-saioak 8 nazionalitatetako 10 prestatzaile profesional adituk eskainiko dituzte. Saio horiek guztiak interesa dutenei irekita daude eta hasiberriei zein garatzaile aurreratuei zuzendutako zortzi trebakuntza profesional biltzen dituzte.

Konferentzien egitarauak, aldiz, 60 hitzaldi inguru jasotzen ditu eta 3 track paralelotan egingo dira Coliseo Antzokiko areto nagusian eta ondoko beste bi aretoetan.