Azpiazu eta Hurtado sailburuek banakoen banku-gordailuen ordainsaria defendatu dute, Europako Banku Zentralak ordainsariari, finantzaketari eta interes-tasen igoerari buruz hartutako erabakiak erreferentetzat hartuta

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak bilera egin dute, bankuek partikularrei gordailuak nola ordaintzen dizkieten aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak gai honetan zuzenean jarduteko eskumenik ez badu ere, bi arduradunek Jaurlaritzaren jarrera finkatu dute, erakundeek pasiboaren ordainketan ahalegina egin beharko luketela iritzita, batzuek egiten hasi diren bezala.

Erakundeek partikularrek gordailututako dirutik lortzen duten errendimenduari buruzko gogoeta; izan ere, «finantza-erakundeek argi eta garbi hobetu dituzte beren marjina tradizionalak zor publikoko tituluetan inbertitzearen ondorioz, errentagarritasunak nabarmen gorantz eginez, kredituak, hipoteka-kredituak eta kontsumoa beren bezeroei emateagatik edo soberakinak Europako Banku Zentralean ordaindutako gordailuetan jartzeagatik, azken bi kasu horietan Europako Banku Zentralak berak emandako finantzaketari lotutako interesekin».

Hori dela eta, «zentzuzkoa dirudi finantza-erakunde horietako gordailugileak nolabaiteko translazioa egiten hastea beren gordailuen ordainketetara, finantzaketa-merkatu ia guztietan interes-tasen gorakada ezaugarri duen finantza-testuinguru berri horren aurrean», azaldu dute bi sailburuek.

Ildo horretan, gogora ekarri behar da joan den ostegunean EBZk iragarri zuela interes-tasen hamargarren igoera, ondoz ondo, finantzaketa-tipoaren % 4,5eraino, 2001. urteaz geroztik goia jo duena, finantza-erakundeen negozio-itxaropenei argi eta garbi mesede eginez.