4,8 milioi euro Meagaseko tunela konpontzeko

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Meagaseko tunelean –Euskotrenek Gipuzkoan operatzen duen trenbide-sarean– konponketa-lan gehigarriak egiteko eta lanek iraun bitartean ordezko zerbitzua autobus bidez emateko dituen larrialdi-kontratuen berri izan du; haien zenbatekoa, guztira, 4,8 milioi eurokoa (gehi BEZa) da.

Aurretik egindako azterlan batzuen ondoren, uztailaren hasieran tunel horren estaldura sendotzeko lanak hasi ziren eta, hori dela eta, trenbide-trafikoa moztu zen eta ordezko zerbitzua eman zen autobusez, Euskotrenen Zumaiako eta Zarauzko geltokien artean. Era berean, bidea berriztatu zen eta trenbide-plataforma beheratu, besteak beste.

Lan horiek hasi baino lehen, luiziak izan ziren, eta, ondorioz, lan gehigarriak egin behar izan dira eta trenbide-mozketa eta autobus bidezko ordezko zerbitzua 2024ko lehen hiruhilekora arte luzatu behar izan da.