Euskadik etorkizun «berdeago» baterako bioekonomian egindako aurrerapenak aurkeztu ditu

» Topaketan bioekonomiaren arloko Europako eragile aipagarrienetako batzuk izan dira, eta networkingerako gune bihurtu da, kasu arrakastatsuak partekatzeko eta ikaskuntza sustatzeko

» Jardunaldia Eusko Jaurlaritzak lurraldean eta Euskadiko enpresa sarean bioekonomia bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, ekoizpen jasangarriagoa lortzera zuzenduta

Euskadiko azaleraren %54 baino gehiago funtsezko garrantzia duten azpiegitura berde batzuek estaltzen dute: basoek. Basoen kudeaketa jasangarri batek basoak klima aldaketara egokitzen lagundu dezake, egurraren, zurgintzakoak ez diren produktuen eta zerbitzu ekosistemikoen ekoizpena orekatuz.

Bioekonomia nabarmentasuna hartzen ari delarik, Euskadi aurrera doa trantsizio ekologikorako bidean, bioekonomiari eta baso ikerketari lotutako hainbat proiektu eta ekimen bultzatuz eta garatuz.

Azken nobedadeen berri emateko, Eusko Jaurlaritzak eta European Forest Institutek (EFI), NEIKER zentro teknologikoaren laguntzarekin –Basque Research and Technology Allianceko kide da (BRTA)–, 2023ko Bioekonomiako Berrikuntza Jardunaldia egin dute gaur goizean, Bilbon.

Ekitaldiaren ardatza izan da baso bioekonomiaren hainbat alderditara zuzendutako azken aurrerapen zientifikoak eta soluzio berritzaileak aurkeztea, horien artean bioeraikuntzako adibideak, basogintza jasangarriago eta funtzionalago baterako ereduak edo oinarri biologikoko material aurreratuak. Gaiak partekatzeko, hitzaldi magistralak eta soluzio zehatz berritzaile batzuen aurkezpen laburrak eta inpaktu handikoak uztartu dira, eta harremanak egiteko denbora ere eman da.

Jardunaldian partaide izan dira, besteak beste: Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea, zeinak ekitaldia inauguratu baitu; Ananya Manna, Europako Bioekonomia Zirkularraren Funtseko (ECBF) Inbertsio zuzendaria; Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusi eta EFIko zuzendaritza batzordeko lehendakariordea, erakunde hori baso ikerketaren inguruko Europako erreferentzia delarik; eta Inazio Martinez de Arano, Bioregions Facilityko koordinatzailea.

Ekitaldia hasteko emandako hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak agerian utzi nahi izan du garrantzitsua dela “lurraldearen eredu ekonomikoa eraldatzea ahalbidetuko duten proiektuak bultzatzea, pertsonen eta planetaren ongizatea bermatuko duen ekoizpen jasangarriago baterantz. Jardunaldi honi esker, Euskadin egiten ari diren eta lurraldea Europako foku bioekonomiko gisa agerrarazten ari diren proiektu garrantzitsuenetako batzuk partekatu ahal izan ditugu Europako lankideekin”.

Europako ezagutza sare bat

Networkinga izan da jardunaldiaren barruan nabarmendu beharreko puntuetako bat. Ekitaldian bioekonomiako berrikuntzaren arloko Europako eragile nagusietako batzuek parte hartu dute, hainbat esparrutatik etorrita: ikerketa, basogintzaren kudeaketa, industria, enpresak, finantzak, gobernua edo gizarte zibila.

Izan ere, jardunaldian zehar, bioekonomia eta baso kudeaketa jasangarria bizkortzeko eta babesteko kasu arrakastatsu batzuk partekatu dira, Europako zenbait eskualdetan garatutakoak, hala nola Alemanian, Belgikan edo Irlandan. Euskadiri dagokionez, Enkarterriko ereduaren balioa nabarmendu da: HAZIko zuzendari Peli Manterolak aurkeztu du ekimena, bioekonomiaren gune indartsu bihurtzen ari dena, prestakuntza, ekintzailetza eta enpresa jarduerak uztartuz.

Ekoizpen jasangarriago baterantz

Euskadik urteak daramatza ekonomia zirkularraren esparruan lanean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren datuen arabera, 2000. urtetik, %26 hazi da euskal ekonomia, eta materialen kontsumoa, berriz, %25 murriztu da, eta zabortegiko hiri hondakinen bolumena %56 murriztu da. Trantsizio ekologikoaren garai honetan, eskualdearen ekonomia materialen kontsumotik eta hondakinen sorreratik aldentzen ari da, ekonomia zirkularra bultzatzeko, lehen aipatutakoak bezalako neurri eta proiektuen bidez.

Testuinguru horretan, 2022ko urrian, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Zirkular eta Bioekonomiaren Plana onartu zuen, Europako Itun Berdearekin bat datorren ekimena, lehengaien kontsumoan efizientzia bultzatu, hondakinak murriztu eta ekoizpen garbia optimizatzea bilatzen duena. Beste erronka batzuen artean, planak produktibitate materiala %30 handitzea, hondakinen sorrera tasa %10 murriztea eta Euskadi Europako ekonomia zirkularreko liderren artean posizionatzea aurreikusten du.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzak Euskadiko lurraldean eta enpresa sarean bioekonomia bultzatzeko duen estrategia horren barruan kokatzen da, ekoizpen eredu lineala –lehengaien erauzketa etengabe eta gero eta handiagoan oinarritua– eraldatzeko proiektu, plataforma eta ekimenen bidez, ekoizpen jasangarriago bat lortzeko, giza ongizatea eta planetaren osasuna bermatzeko eta NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak lortu ahal izateko –GJH.