Osasun Sailak COVID-19a Arnas Infekzio Akutuak zaintzeko eta kontrolatzeko esparru estrategiko berrian sartu du

Helburua da denboran zehar COVID-19a, gripea eta beste edozein arnas-birus modu egonkorrean zaintzea, baita kontrol- eta prebentzio-neurrien —bereziki txertoak— eraginkortasuna ebaluatzen laguntzea ere

Gobernu Kontseiluak, gaur goizean, Covid txostenari buruzko hedapen-irizpidearen aldaketa aztertu du. Hemendik aurrera, Arnas Infekzio Akutuen (AIA) txostenean txertatuko da. Osasuneko sailburuak xehetasunak eman ditu, eta azpimarratu du osasunaren zaintzak garrantzi handia duela Osasun Publikoarentzat, herritarren egoeraren berri izateko aukera ematen baitu.

Ildo horretan, eta arnas aparatuko edozein agente infekziosoren larrialdiari erantzun onena emateko, adierazi du Euskadin arnas-infekzio akutuaren zaintza zelatariaren sistemak ditugula, bai lehen mailako arretan (arnas-infekzio akutu arina zaintzeko), bai ospitalekoetan (arnas-infekzio akutu larria zaintzeko). Zaintza zelatariaren sistema horrek ECDCren (Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroa) eta Osasunaren Mundu Erakundearen nazioarteko gomendioak betetzen ditu.

SARS-CoV-2k eragindako pandemiak nabarmen aldatu zuen osasun-arreta, eta horrek eragotzi egin zuen sare zelatarien funtzionamendu klasikoa. Hasiera batean, COVID-19aren jarraipena kasu positiboen, heriotzen eta beste adierazle batzuen zenbaketen joeretan oinarritu zen neurri handi batean, baina adierazle horiek interpretatzea zaila bihurtu da proba diagnostikoen estrategiek sendotasunik ez dutelako.

Horren ondorioz, ECDCren eta OMEren Europarako Eskualdeko Bulegoak 2020an batera egindako dokumentu baten bidez, SARS-CoV-2 zaintza zelatariko sistemetan integratzeko beharra deskribatzen zen. OMEk zaintza zelatari integratuari buruzko mundu-gida bat argitaratu zuen 2022ko martxoan, eta Europako Batzordearen 2022ko apirilaren 27ko komunikazioak EBko herrialdeei eta erakundeei eskatzen zien ahalik eta azkarren ezar zezatela urte osorako zaintza integratu bat, sistema zelatarietan oinarrituta. Gainera, hainbat herrialdek estrategiak aldatu dituzte edo aldatzeko prozesuan daude, eta ahaleginak adin nagusiagoko taldeetara edo gaixotasun larriak izateko arrisku-faktoreak dituzten pertsonetara bideratzen ari dira.

Gure populazioan eta gure inguruko herrialdeetan sortutako immunitateak, txertaketa-estaldura handiak eta aurretik izan diren infekzioak direla eta, kasu larrien proportzioa murriztu egin da, eta, beraz, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratzeak. 2023ko maiatzaren 5ean, OMEko zuzendari nagusiak —koronabirusak (COVID-19) eragindako gaixotasunaren pandemiari buruzko Nazioarteko Osasun Erregelamenduaren (NOE) Larrialdi Batzordeak egindako txostenaren arabera— ondorioztatu zuen COVID-19a ez dela jada Nazioarteko Garrantzia duen Osasun Publikoko Larrialdi bat, eta arnas-infekzio akutuen (AIA) kontrolean integratutako gaixotasunaren epe luzeko kudeaketa baterako trantsizioa egiteko unea dela.

Sistema horien helburua da denboran zehar COVID-19a, gripea eta beste edozein arnas-birus modu egonkorrean zaintzea, baita kontrol- eta prebentzio-neurrien —bereziki txertoak— eraginkortasuna ebaluatzen laguntzea ere.

Beraz, uste da, COVID-19ak osasun publikorako garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren, egokia dela COVID-19a zaintzeko eta kontrolatzeko estrategia berri batera igarotzea, Arnas Infekzio Akutuen zaintzan eta prebentzioan integratua, ARNAS INFEKZIO AKUTUEN ZAINTZAN ETA KONTROLEAN INTEGRATUTAKO ESPARRU ESTRATEGIKO BERRIAN jasotako ardatzetan oinarrituta. Esparru hori Alerten eta Prestaketa eta Erantzun Planen Ponentziak egin zuen, eta Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren Osasun Publikorako Batzordeak onartu zuen 2023ko uztailean.