Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak 2023ko Profesor Barea handiko saria lortu du bularreko minbizia duten pazienteentzako «Nire bizi-kalitatea» programagatik

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko minbizia duten pazienteentzako «Nire bizi-kalitatea» programak 21. edizioko Profesor Barea saria lortu du «Osasun-sektoreko emaitzen ebaluazioa» atalean. Signo fundazioak ematen duen izen handiko saria Patricia Cobos Bularreko Patologiako Unitateko ginekologo eta programaren arduradunak jaso zuen atzo, 2023ko urriaren 9an, Madrilgo Diputatuen Kongresuan egin zen ekitaldian, autonomia-erkidegoetako, erakundeetako eta proiektu finalistetako ordezkariak bertan zirela. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren ordezkariak hauek izan ziren: Mª Luz Marqués zuzendari-gerentea, Inés Gallego Berrikuntza eta Kalitateko zuzendariordea eta Iratxe Vázquez Bularreko Patologiako Unitateko ginekologoa.

Bularreko minbizia duten pazienteentzako «Nire bizi-kalitatea» programa 2018an sortu zen Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, zentroak Balioan Oinarritutako Medikuntzaren oinarriak bere gain hartu zituenean. Hura ezartzeko, ICHOMek garatutako nazioarteko estandarretan oinarritu zen. ICHOM, ingelesez International Consortium for Health Outcomes Measurement, balioan oinarritutako arreta bultzatzen ari den fundazioa da, erreferentea nazioartean. ICHOMek proposatzen duen metodologiaren helburua da pazienteei benetan inporta zaizkien osasun-emaitzak hobetzea. Hain zuzen ere, emaitza klinikoez ari gara (biziraupena, gaixotasunaren kontrola edo konplikazioak gutxitzea), bai eta pertsonen bizi-kalitateren beraren gaineko eraginaz ere.

Bularreko minbiziaren «Nire bizi-kalitatea» programak, gainera, asistentziaren arreta-ziklo osoa analizatzen du, Design Thinking eta beste tresna batzuen bidez: pazientearen esperientzia, emozioak identifikatuta, eta prozesuaren «benetako momentuak».  Informazio horri guztiari esker, behar bezala egin daiteke ahalegina eta, jakina, pazienteak beren osasunean are gehiago inplikatzea lortu.

Aurrerapen eta berrikuntza handiak izan ditu medikuntzak azken urteetan gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan, eta horrek pertsonen bizitza luzatzea eta, azken batean, osasuneko emaitzak hobetzea ekarri du. Ondorio positibo gisa, asistentzia-adierazleek klinikoki hobetzen ari garela esatea ez da nahikoa; aitzitik, gaixoekin kontrastatu beharra dago, benetan beren bizitzan zer-nolako eragina izaten ari garen esatea behar dugu.

Hasi zenetik, bularreko minbizia diagnostikatu dieten 800 pazientek egin dute bat «Nire bizi-kalitatea» programarekin. Pertsona horien datuak bildu ditu programak, honako hauei dagokienez: sentitzen duten mina, beren buruaz duten irudia, sexualitatea, nekea eta bizi-kalitate orokorra. Horrekin guztiarekin eta datu klinikoekin, programako profesional sanitarioek eta pazienteek aurrera egin dute gaixotasunaren prozesuan.

Nola parte hartzen du pazienteak bere tratamenduan? Bost urrats

  1. Bularreko minbizia diagnostikatu ondoren, diziplina anitzeko taldeak –prozesuan diharduten espezialitate guztiak daude– programa aurkeztuko dio eta parte hartzera animatuko du. Azalduko dio programari esker bere bizi-kalitatea eta osasun-emaitzak baloratu ahalko dituela, bere egoeraren jarraipen hobea egiteko.
  2. Azalduko dio, halaber, bere bizi-kalitateaz duen iritzia galdetuko zaiola sei hilez behingo galdetegien bidez eta galdetegi horiek bere historia klinikoan jasota geratuko direla. Bere gaixotasunaren prozesuan laguntzeko erabiliko du pertsonal sanitarioak informazio hori. Galdetegiari nola erantzun nahi dion aukeratu ahalko du: Internet bidez, telefonoz edo, kontsultan, tabletaren bidez.
  1. Lehen galdetegiari erantzuteko, erizain kudeatzailearen laguntza izango du, formatuarekin eta informazio motarekin ohitzeko (erizain kudeatzailea EAEko Onkologia Planean sortu zen, prozesu onkologiko bakoitzerako, eta arreta asistentzial integratuaren eta zirkuituen koordinazioaren erantzukizuna bere gain hartzen du). Informazio hori abiapuntu hartzen da eta gero jasoko diren datuekin alderatuko da. Horri esker, zer aldaketa gertatzen diren eta talde klinikoak zer-nola lagun dezakeen ikusten da.
  1. Hauei buruzko informazioa duen liburu txiki bat emango zaio pazienteari: gaixotasuna, biziko duen prozesua, «Nire bizi-kalitatea» programa eta tratatuko duen diziplina anitzeko taldea (Ginekologia, Erizaintza, Medikuntza Onkologikoa, Erradioterapia Onkologikoa, Anestesia, Erradiodiagnostikoa, Medikuntza Nuklearra, Errehabilitazioa, Psikoonkologia, Gizarte Lana, Anatomia Patologikoa eta Kirurgia Plastikoa).

Gainera, atal bat du bere kezkak eta egin nahi dituen galderak idazteko, bai eta dituen hitzorduak ere. Liburuak, gainera, baliabide guztien berri emango dio, eta eskura duen informazioa eta horiek nola eskura ditzakeen jakinaraziko dio: «eSano» webgunea, osasun-karpeta, galdetegiei erantzutea eta harreman zuzena profesional sanitarioekin.

  1. Informazioa eta zalantzak: etorkizuneko hitzorduak programatuko dira eta harremanetarako telefono bat jarriko da. Pazientearen zaintzaile nagusia definituko da eta atal bat utziko da izan ditzakeen zalantzei erantzuteko.

Ildo horretan, langile sanitarioek, analitika berrikusteaz gain, bizi-kalitatearen galdetegien emaitzak azter ditzakete historia klinikoan. Galdetegi horiek eguneroko bizitzaren alderdiei, patologiari lotutako arazoei, gogo-aldarteari eta egoerara egokitzeari buruzkoak dira. Hori guztia baloratu egingo da, egin beharreko tratamenduari buruzko erabakiak hartzeko. Emaitza guztien informazioa prozesu asistentziala hobetzen laguntzen ari da.

Osakidetzaren esparru estrategiko berritzailea eta ICHOM 2023 nazioarteko topaketaren epaimahaia

Balioan Oinarritutako Medikuntza Osakidetzaren esparru estrategiko berritzailea da, eta haren helburua da osasun-zerbitzuek, modu integral eta integratuan, balioan eta pazientean oinarritutako arreta ardatz izatea. Paradigma berri horrek hiru oinarrizko elementu konbinatzen ditu: pazienteentzako baliotsuak diren osasun-emaitzak neurtzeko sistemak, praktika asistentziala prozesu eta egoera klinikoen inguruan antolatzea, eta prozesu osoko pazienteko kostuak kalkulatzea.

Ildo horretan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa, 2016an balioan oinarritutako arreta ezarri zuenetik egin duen bideari esker, erreferentea da ICHOM eta beste erakunde batzuentzako –behin baino gehiagotan kolaboratu du horrekin azken urteetan–. Aurten, Inés Gallego Berrikuntzako eta Kalitateko zuzendariordea izango da Osakidetzaren Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren ordezkaria NEJM Catalyst Implementation sariaren epaimahaian, ICHOM 2023 urteko konferentzian. Hilaren 9an eta 11n egingo da, Bartzelonan, eta hara joango dira, Arturo Barea saria jaso ondoren, bai Mª Luz Marqués zuzendari-gerentea, bai Patricia Cobos eta Iratxe Vázquez ginekologoak.