Suguzek produktuen fidagarritasuna bermatzeko metrologia- eta neurketa-laborategi bat du

2018an, Martuteneko lantegian 60 urte baino gehiago eman ondoren, Andoainen kokatuta dagoen 1.300 metro koadroko pabiloi berrira aldatu zen Suguz, eta handik aurrera mekanizazio eta tailatze zerbitzu integralak eskaintzen jarraitzen du. Baina ez da aldaketa bakarra izan azkenaldian; izan ere, tradizioz pieza txikiekin lan egiten bazuen ere, “gaur egun pieza handiagoak egiten hasi gara, merkatu gehiagotara zabaltzeko”, zehaztu du Imanol Arrieta Egurrola Suguzeko kudeatzaileak.

Gipuzkoako enpresak era guztietako mekanizazioak fabrikatzen ditu: prototipoak, planoan edo laginean oinarritutako piezak, pieza bakarrak edo serie laburrak, tresnak… “Piezak diseinatzen ditugu eta gure instalazioetan multzoak muntatzen ditugu, azken produktuaren doitze eta funtzionamendu egokia ziurtatzeko”, adierazi du administratzaileak.

65 urtetik gorako esperientzia du enpresak, “produktuaren fabrikazio integrala gauzatuz, materiala erosiz, mekanizazio prozesua eginez eta beharrezkoak izan daitezkeen akabera, tratamendu, artezketa edo estaldurak ezarriz”, azpimarratu du Arrieta Egurrolak. Ekoizpenean mota guztietako altzairuak, aleazio bereziak, aluminioak, plastiko teknikoak eta burdinazkoak ez diren beste metal batzuk erabiltzen ditu, hala nola letoia, kobrea eta brontzea, besteak beste.

Gainera, euskal enpresak lanei fidagarritasun handiagoa emateko ahaleginak egiten ditu; horretarako, metrologia- eta neurketa-laborategi bat du. Horri esker, hainbat onura lortzen ditu, hala nola neurketa-sistema estandarizatu bat garatzea, produktuen kalitatea gehiago kontrolatzea, akatsak hautemateko konparaziozko azterketa eta errepikakortasuna eta trazabilitate metrologikoa industrian.

Gerenteak dioenez, produktuak hobetzeko, “bai kalitatean bai eraginkortasunean, bai mekanizazio-denborak eta entrega-epeak hobetzeko, etengabe aztertzen dugu inbertsio berriak egiteko aukera”.

Konpontze-piezak

Andoaingo enpresak konponketarako piezak ekoizten ditu batez ere, ikerketa sektorerako eta makina-erremintarako. Tren-sektoreko, automobil-sektoreko eta serie handien fabrikazioan diharduten enpresentzako tresnak, prototipoak eta atzaparrak ere fabrikatzen ditu. “Gure merkatua industria-ondasunena da, batez ere Gipuzkoan, eta Estatuan ere jarduten dugu”, adierazi du konpainiaren ordezkariak. Enpresak urtean bi milioi euro inguru fakturatzen ditu.

Hogei pertsonak osatzen dute Suguzeko plantilla, eta Imanol Arrietak dioenez, “pixka bat handitzea aurreikusten dugu”. Alde horretatik, euskal enpresak gizarte-helburu batzuk ezarri ditu ahulenei laguntzeko. “Duela urte batzuetatik hona, Suguzen badugu minusbaliotasunen bat duten langileen, egoera arazotsu edo berezietan dauden pertsonen portzentajea”, azpimarratu du kudeatzaileak.

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.