Iñaki Arriola sailburuak Gobernu Kontseiluari Madeilia enpresarekin eginiko bi lankidetza-hitzarmenen berri eman dio

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Gobernu Kontseiluari Madeilia enpresarekin eginiko bi lankidetza-hitzarmenen berri eman dio; haien bidez, alokairu eskuragarriko erregimenean bi sustapen kudeatu eta eraikiko dira. Hura 2022ko azaroan sortu den espezialitate berri bat da, enpresa pribatuek erregimen orokorreko etxebizitza sozialen eraikuntza sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoen bidez.

21.000 eta 39.000 euro bitarteko urteko errenta haztatuak dituzten bizikidetza-unitateentzako alternatiba bat da; izan ere, kolektibo horrek arazoak ditu merkatu librean etxe batera jotzeko eta kolektibo horretan 7.000 pertsona daude Etxebiden erregistratuta. Iazko azaroan onetsi zen agindu hori eta helburua da lurzoru pribatuak mobilizatzea alokairu eskuragarrirako, etxebizitzako 18.000 euroko laguntzen truke, baldin eta 20 urtez espezialitate horretara bideratzen badira, edo 45.000 euroko laguntzen truke, 50 urtez espezialitate horretara bideratzen badira –modalitate horren iraupena luzatuz gero, laguntza gehigarriak aurreikusten dira–.

Figura berri hori sustatzeko lehen bi hitzarmenak bigarren modalitate horri dagozkio, eta hitzarmenetako bat 124 etxebizitza sustatzera bideratzen da eta bestea, 101 etxebizitza sustatzera; guztiak daude Aretxabaletan, Vitoria-Gasteizen hedapen-eremu batean, hiriaren hegoaldean. Lehen hitzarmenerako, Eusko Jaurlaritzak 5,58 milioi euroko dirulaguntza zuzenak emango ditu eta bigarrenerako, 4,54 milioikoak.