Osakidetzak ZIU mugikor bat jarri du abian, Arabako landa-eremuari eta Gasteizi zerbitzua emateko

 Arabako Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantziak (BEA) Arabako landa-eremuari eta Gasteizi emango die zerbitzua, eta 18 profesional ditu: medikuak, erizainak eta gidariak.

Zerbitzu berriak 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta Osasun Sailaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko akordio baten emaitza da. Zerbitzua Langraizko suhiltzaile-parkean egongo da.

Arabak Bizi Euskarri Aurreratuko (BEA) beste anbulantzia bat izango du urriaren 16tik aurrera, lurralde horri zerbitzua emateko. Osakidetzaren ZIU mugikor horrek erantzun-denborak murriztuko ditu, bai hiriburuan bertan, Gasteizen bertan, lurraldeko biztanle gehienak biltzen baitira han, bai Arabako landa-eremu osoan.

Horretarako, arreta berezia jarri zaio anbulantzia medikalizatuaren kokapenari. Anbulantzia horren egoitza Langraizko suhiltzaile-etxe nagusian egongo da. Kokapen hori hautatu da komunikazio-lotune delako, eta sarbide ona duelako; izan ere, Arabako hiriburutik 15 minutu baino gutxiagora dago, eta, gainera, Arabako landa-eremuko estaldura nabarmen hobetzea ahalbidetzen du, zehazki, Agurain, Zuia, Añana, Arabako Errioxa eta Arabako Mendialdearen zati batean.

BEA anbulantzia berri horrekin, duen ekipazioari eta giza hornidurari esker, in situ eman ahal izango zaie asistentzia sanitarioa paziente kritikoei, ahalik eta denbora laburrenean, langile espezializatuekin eta bizi-euskarri aurreratuko maniobrak egiteko behar diren elementuekin.

Zerbitzuari hasiera emateko aurrekontua 1,7 milioi eurokoa da. Horrela, bete egiten da Osasun Sailak ekitaldi honetako aurrekontuetan hartutako konpromisoa, Araban beste anbulantzia medikalizatu baten proiektua baliabide materialez eta giza baliabideez hornitzekoa.

Araba bizi-euskarri aurreratuko beste anbulantzia batez hornitzeko proiektua gauzatzeko, Osakidetzak egiturazko plantilla handitu behar izan du aldez aurretik, 18 pertsona kontratatzeko; 6 lanbide-kategoria bakoitzeko, larrialdietako medikuen, erizainen eta larrialdietako ibilgailuen gidarien artean, beharrezkoak baitira ZIU mugikorraren funtzionamendurako.

Gainera, birmoldaketa- eta egokitzapen-obrak egin dira hautatutako kokalekuan, BEA anbulantziako baliabideari ostatu eman ahal izateko eta beharrezko azpiegiturez hornitzeko; izan ere, beharrezkoa da zerbitzua 24 orduz eskuragarri egotea, asteko egun guztietan.

BEA anbulantzia horrekin, Araban Bizi Euskarri Aurreratuko 5 anbulantzia egongo dira. Horiek guztiak Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Sarean sartuta daude. Sare horretan biltzen dira BEAko 5 anbulantzien sareko lana, Oinarrizko Bizi Euskarriko (OBE) 13 anbulantziena eta Ermergentzietako helikoptero batena. Gainera, azpiegitura hori etxeko arretako osasun-langileen sareak babesten du, eta Arabako landa-eremuaren kasuan, sare horrek garrantzi berezia hartzen du, lurralde-sakabanaketagatik.