Bexcomek desfibriladoretik informazio garrantzitsua transmititzeko aukera ematen du, bizitzak salbatzeko xedearekin

Bexen Cardio, 40 urteko ibilbidea duen enpresa, nazioartean merkatu zabala duen desfibriladoreen fabrikatzaile nazional bakarra da. Mondragon Taldeko kooperatiba honek etengabeko garapena eta berrikuntza lantzen du, Bexcom proiektuarekin, esaterako. 

Ekimenaren helburua da Reanibex desfibriladoreei beharrezko teknologia txertatzea, beste gailu batzuei (adibidez, tableta bati edo Cloud plataforma bati) bihotz-geldialdiei buruzko informazioa haririk gabe transmititzeko. “Hala, hainbat tokitako osasun-profesionalek berehala izan dezakete sarbidea, eta diagnosia egin, baita gaixoa tratatzeko erabiltzen den beste edozein gailuk bildutako informazioa ere”, zehaztu du Oxel Etxebarriak, Bexen Cardio enpresako kudeatzaileak. 

Horrela, informazio hori guztia leku bakar batean biltzen da, eta hainbat adituren eskura jartzen da. “erabakiak hobeki hartzen laguntzen dute, eta bihotz-gelditzea duen gaixo bakoitzari tratamendu egokiena ematen laguntzen dute”, dio euskal enpresako ordezkariak. 

Proiektuak SPRI Taldearen Hazitek laguntzak jaso ditu. “Programarekiko esperientzia oso positiboa izan da. Gurea bezalako enpresa batentzat funtsezkoa da honelako laguntzak izatea berritzen jarraitu ahal izateko eta euskal enpresak gero eta globalizatuagoa den mundu honetan lehiakorra izaten jarraitzeko”, azpimarratu du. 

Soluzio pertsonalizatuak

Bizkaiko enpresak desfibriladoreak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu. Desfibriladore baten balio-kate osoa lantzen du enpresak, ekipoen saldu osteko zerbitzua eskainiz. “Teknologia propioa denez, aukera ematen digu etengabe gure bezeroen beharretara egokitzeko eta soluzio pertsonalizatuak eskaintzeko, eremu geografikoaren, osasun-sistemaren ezaugarrien eta abarren arabera”, dio Etxebarriak. 

Kanpoko desfibriladore gama guztiak eskaintzen ditu, besteak beste, profesional sanitarioek bakarrik erabiltzeko desfibriladore integratuenak eta erabilera unibertsalerako desfibriladore automatikoak. Azken esparru horretan, Ermuko enpresa kardiobabes proiektu bat garatzen ari da herri eta enpresa ezberdinetan. “Ekipoak hornitzeaz gain, ospitalez kanpoko bihotz-gelditze baten aurrean erantzun azkarra bermatuko duten boluntarioen komunitateak sortzen ditugu”, azaldu du kudeatzaileak.  

Bexen Cardio enpresak 8.000 ekipamendu inguru ekoizten ditu urtean, eta horietatik %75 nazioarteko-merkatuetara bideratzen da. Lau hamarkadatan, 90 herrialdetan baino gehiagotan presentzia izatea lortu du, hala Europan, Latinoamerikan, Asian, Afrikan edo Asiako hego-ekialdean. “Epe ertainean, gure nazioarteko presentzia areagotu egingo dela uste dugu, Saudi Arabian edo Indonesian tokiko eragileekin lankidetzan arituz”, adierazi du Oxel Etxebarriak.  

Euskal enpresak kardiobabesarekin lan egiten duen sektore ez-sanitarioetan jarduten du, baina osasun-zerbitzuetan du gune nagusia, hala nola ospitaleetan eta larrialdi-zerbitzuetan. “50 herrialde baino gehiagotako sistema publikoek gure desfibriladoreak dituzte, Osakidetza eta Osasunbidea barne”, adierazi du.  

Gaur egun, 50 langile ditu. “Azken urteotan %30 hazi gara, eta hurrengo urteetarako helburua hori lortzea da, osasun-arloko beste jarduera batzuetarako dibertsifikazioan arreta handia jarriz”, aurreratu du kudeatzaileak.  

Urtean 8 milioi euroko fakturazioa du, eta helburua da “hazten jarraitzea, bai kanpoko desfibrilazioaren merkatuan, bai beste alor batzuetara dibertsifikatzean, hala nola tele-medikuntzara. Laburbilduz, Euskadiko osasunaren arloan eragile garrantzitsu bihurtu nahi dugu”, dio.  

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.