Osasun Sailak laguntza-lerro bat sortu du egoitza-aldian dauden profesionalen kanpo-txandakatzeetarako

  • Prestakuntza sendotzeko eta profesional sanitarioak behar dituzten plazetarako talentua erakartzeko eta hari eusteko helburuekin

Osasun Sailak laguntza-lerro bat sortu du, 50.000 eurokoa, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Zientzietako espezialitateetan egoitza-aldian dauden profesionalen 2023 ekitaldiko kanpo-txandakatzeetarako.

Laguntza ekonomiko horiek lehen aldiz deitu dira, eta zati batean finantzatuko dituzte EAEko egoiliarrek 2023an hasten dituzten aldi baterako joan-etorriei eta kanpoko txandakatzeen egonaldi laburrei lotutako gastuak; hala, pertsonal hori Euskadi kanpoan ospea duten zentroetara mugitzea sustatuko da, haien prestakuntza sendotzeko eta, azken batean, biztanleriari eskaintzen zaion osasun-arreta hobetzeko.

Programa berri horren bidez, Osasun Sailaren asmoa da, batetik, EAEko pertsonal egoiliarraren prestakuntza-programan elkarlanean jardutea, esperientzia eta gaitasun berriak bereganatu ahal izateko Estatuko eta nazioarteko osasun-zentroetan eta, bestetik, bereziki profesional sanitarioak behar dituzten espezialitateetarako talentua erakartzea eta hari eustea.

Osasun Sailak, Osakidetzarekin batera, erabaki du ekitaldi honen (2023) deialdian honako espezialitate hauen inguruko prestakuntza jasotzen ari diren egoiliarren txandakatzeen finantzaketa lehenestea eta puntuazio altuagoa ematea:

  • Familiako Arreta eta Komunitarioa
  • Osasun Mentala
  • Lan Osasuna
  • Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa
  • Medikuntza Fisikoa eta Errehabilitazioa
  • Barne Medikuntza
  • Hematologia eta Hemoterapia

Oraintsu eginiko deialdi honek, 2023 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasota ez dagoenez, “2023/2024 osasun-prestakuntzako plazetara jotzeko hautaketa-probak prestatzeko bekei” esleitutako kredituak erabiliko ditu, 100.000 euroan, eta, kopuru horretatik, 50.000 euro 2023 ekitaldiari dagozkio eta 50.000 euro 2024ari. Hori horrela, Osasun Sailaren iritziz, pertsonal egoiliarrak egiten dituen kanpo-txandakatzeak finantzatzen laguntzea eraginkorragoa da pertsonal egoiliarra gure osasun-zerbitzuetan erakartzeko eta eusteko, egoitza amaitu ondoren.