Osakidetzaren Biobizkaia eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferente bihurtu dira endokrinologia ginekologikoan eta antzutasunean

Osakidetzaren Biobizkaia institutuko laguntza bidezko ugalketako berrikuntzako taldearen bederatzi erreferentzia egin dira Speroff. Endocrinología Ginecológica Clínica e Infertilidad liburuan. Endokrinologia ginekologikoko Biblia da argitalpen hori. 1978az geroztik argitaratzen da eta, aurten, bederatzigarren edizioan, erreferentzia bibliografikoen artean, laguntza bidezko ugalketako berrikuntzako taldearen bederatzi lan agertzen dira. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Giza Ugalketako Unitatean egin dira lanok, eta intseminazio artifizialari, endometriosiari eta laguntza bidezko ugalketari buruzkoak dira batik bat.

Horrenbeste erreferentzia egin izanak argi uzten du maila handiko ikerketa egiten eta asistentzia eskaintzen ari dela Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Giza Ugalketako Unitatea, bai eta Biobizkaia institutuaren laguntza bidezko ugalketako berrikuntzako ikerketa-taldea ere, Roberto Matorras doktorea buru dela.

Gaur egun, laguntza bidezko ugalketako berrikuntzako taldea emakumezkoen antzutasunari eta gizonezkoen antzutasunari buruzko ikerketa-lerroetan dihardu lanean, bai eta laguntza bidezko ugalketako tekniken emaitzak hobetzeko lerroan ere. Giza ugalketa eta haren patologiak gero eta arreta handiagoa erakartzen ari dira; izan ere, gero eta maiztasun handiagoarekin agertzen dira ugaltze-arazoak bikoteetan eta, gainera, esterilitatea tratatzeko gero eta arrakastatsuagoak diren teknikak ditugu. Hala ere, ernalketaren arrakasta ez da erabatekoa, eta arazo horietako asko oraindik ere konpontzeko daude. Arrazoia da oraindik ere ez ditugula ezagutzen giza ugalketaren alderdi biokimiko eta fisiologiko asko. Ondorioz, ezinezkoa da antzutasun-kasu askoren etiologia ulertzea. Taldeak ikertu nahi du zer faktorek eragiten dioten giza ugalkortasunari eta nola optimizatu laguntza bidezko ugalketako teknikak.