Ertzaintzak ziberiruzurren igoera esponentzialaz ohartarazten du, eta herritarrei eskatzen die, beherapen digitalak izango diren egun hauetan, euren buruak babesteko erosketa seguruak egin ditzaten

Datorren ostiralean, azaroaren 24an, Black Friday eguna, Internet bidezko erosketak sustatzen dituen deskontu-kanpaina, egingo da nazioartean. Eskaintza horiek sortzen duten interesaren eta datorren astelehenean, hilaren 27an, egingo den Cyber Monday kanpainaren ondorioz, nabarmen egingo dute gora online erosketek egun horietan.

Testuinguru horretan, Ertzaintzak herritarrei ohartarazten die, online erosketak ugaritu egingo direla aurreikusita, nazioarteko ziberdelitugile-sareak aktibatu egiten direla erosleei iruzur egiteko asmoz. Hori dela eta, funtsezkoa da herritarrak jakinaren gainean egotea eta online merkataritza erabiltzean engainu baten edo beste delitu-modalitate batzuen biktima izateko duten arriskuaz kontzientzia hartzea.

Alde horretatik, euskal poliziak ohartarazten du ziberiruzurren metodorik ohikoenetako bat dendak edo erakundeak imitatuz gune faltsuetara bideratzen duten mezu elektroniko masiboak (phising) bidaltzea dela, datu pertsonalak lortzeko helburuarekin.

Cyberzaintza – Euskadiko Zibersegurtasun Agentziarekin koordinatuta, Ertzaintzak herritarrei aholku praktiko batzuk eta autobabeseko neurri batzuk eskaintzen dizkie, online erosketak modu seguruagoan eta fidagarriagoan egin ditzaten. Eta, aholku horiek funtzionatzen ez badute, Ertzaintzak gogorarazten du: Etorri eta salatu!

  • Ondo pentsatu klikatu aurretik: Kontuz esteketan klikatzera animatzen zaituzten eskaintzen iragarkiekin. Ez klikatu, zure nabigatzailean idatz ezazu webgune ofizialaren helbidea eskaintza legezkoa den egiaztatzeko.
  • Babestu wifi publikoak erabiltzen dituzunean: Webgunea segurua izanda ere, hirugarrenen eraginpean jartzen zara. Batez ere, ez sartu ez datu pertsonalik ez finantza-daturik (adibidez, online bankan sartzeko erabiltzailea eta pasahitza) sare horiek erabiltzen dituzunean. Eta deskonekta zaitez wifi publikoetatik erosketa egin aurretik.
  • Egiaztatu zure nabigatzaileko helbide-barra: Ziurtatu erosketa egin nahi duzun webgune ofizialean zaudela, eta ez webgune faltsu batean.
  • Begiratu eCommerceren web-helbidea segurua den: URLaren hasieran “https://” o “shttp://” jarri behar du.
  • Egiaztatu domeinuari buruz dagoen informazioa: Domeinua oso berria bada eta erakunde misteriotsu baten izenean erregistratuta badago, zure susmoak justifikatuta egongo dira.
  • Egiaztatu online denda fidagarria den: Erosi aurretik bilatu online iritziak, fidagarria den egiaztatzeko. Denda fidagarria bada, harremanetarako informazioa eta helbide fisikoa emango ditu, era guztietako iritziak eta gomendioak izango ditu, eta abar.
  • Begiratu erositakoa itzultzeko politika: Erne letra txikiarekin!
  • Online erosi kreditu-txartela erabili gabe: Txartel birtualak, PayPal edo beste diru-zorro bat erabiltzea gomendatzen dizugu.
  • Kontuz ibili bankuko zure kontuarekin: Aldian behin aztertu mugimenduak jarduera susmagarriren bat detektatzen baduzu ere.
  • Instalatu pasahitzen kudeatzaile bat: Sortu pasahitz ezberdinak, ausazkoak eta sendoak eCommerce bakoitzerako, eta erabili autentifikazio multifaktorialak ahal den guztietan.
  • Eguneratuta izan zure gailuak: Eguneratu itzazu sistema operatiboaren azken bertsio erabilgarrira, ziurtatu ez dutela malwarerik eta infekziorik, eta erabili antibirus bat.