Hezkuntza sailak zientzia-dibulgazioaren aldeko apustua indartu du, Euskampusen gizarte-komunikazioko proiektua finantzatuta

Eusko Jaurlaritzak 160.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du gaur Gobernu Kontseiluan Euskampus Fundazioari emateko, honek “Zientziaren Gizarte-Komunikazioa Ardatz” proiektua gauzatu dezan. Zientziaren ezagutza soziala bultzatzea helburu duen ekimena da.

Zehatzago esanda, proiektu horrek gizartearen parte-hartzea garatu nahi du, hau da, zientziarekin zerikusia duten gaiak gizarteratzeko prozesuak bultzatu. “Zientziaren Gizarte-Komunikazioa Ardatz” proiektuaren helburua zientzia ahalik eta jende gehienarengana iristea da. Horrela, ezagutza gizartearen zati handi batera zabalduz, eduki zientifikoak transmititzea lortuko da, eta horrek eragin positiboa izango du gizartearen hezkuntza zientifikoan.

Ezagutza zabaltzeko sozializazio-prozesuei esker, herritarrengan jakintza zabaldu ahal izango da, bestela espezializatutako lagun gutxi batzuen esku geldituko litzatekeena.

Euskampus Fundazioaren Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitateak (UCCI) egindako programa honek hiru jarduera-bide ditu: zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko tresnak sortzea da horietako bat; ezagutza zientifiko-teknologikoa online hedatzeko tresnen bidez sozializatzea bestetik; eta garatu beharreko beste arlo bat Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan erabiltzeko estrategiak eta laguntza-materiala diseinatzea izango da.

Kontrastatutako ikerketa-jarduera zabaltzea

Euskampus Fundazioa Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Tecnalia Corporación Tecnologicak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) sortutako erakundea da. 2011n sortu zenetik gaur arte, erakunde berriak batu zaizkio Euskampus Fundazioaren Patronatuari, hala nola Grupo Ormazabal-Velatia, CAF eta Kutxabank, bai eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa ere. Bordeleko Unibertsitateak ere parte hartzen du bere patronatuan. Horrela, Euskampus eta Euskampus Fundazioaren izaera publiko-pribatua eta nazioartekoa indartu da.

Kultura Zientifikoko Unitatearen bidez, sortu zenetik, Euskadin garatutako ikerketa-jarduera hedatzeko eta zabaltzeko lan garrantzitsua egiten du. Jarduera hori indartu egin zen 2021ean, Euskampusen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez. Hitzarmen horretan, beste helburu batzuen artean, zientzia, teknologia, arteak eta humanitateak gizarte-sustapenarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak sustatu, bultzatu, gauzatu eta zabaltzea dago, batez ere beste erakunde batzuekin lankidetzan.