Gogora Institutuak Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren beste hiru biktima identifikatu direla jakinarazi die familiei

• Félix Rodríguez Arana (Tolosan jaioa, Pasaiako bizilaguna, Gipuzkoa) milizianoa, bere gorpuzkia Begoñako hilerriko hobi komunetik berreskuratu zen 2022an, beste 43 gudari eta milizianoenekin batera
• Francisco de la Cruz Orellana (Quintana de la Serena, Badajoz) Urduñako espetxe frankistaren biktima, Urduñako hilerriko bederatzigarren identifikatua da
• Hipolito Berasategi Alcalde (Briviesca, Burgos, Donostiako bizilaguna) atxilotu ondoren Ondarretako espetxera eraman eta 1936ko azaroan exekutatu zuten
• Gogora Institutua familiekin harremanetan jarri da jada, informazioa emateko eta gorpuzkiak entregatzea adosteko

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren beste hiru biktima identifikatu ditu. Hiru kasuok, desobiratze desberdinetakoak dira.
Hipolito Berasategi Alcalderen kasua bereziki esanguratsua da, Ondarretako espetxetik igaro ondoren, exekutatu eta desagertutakoen artean identifikatutako lehen kasua baita.
1936ko azaroaren hasieran fusilatu zuten, eta ez zen jakinekoa bere gorpuzkia non ehortzita zegoen. 1960an, Iragorri inguruan (Oiartzun), exekutatu batzuen gorpuzkiak berreskuratu ziren. Ondoren, herriko hilerrian lurperatu zituzten, Luis Peña Gantxegi arkitektoaren ‘Oroimenerako frontoia’ hilobi-monumentuan.
2021ean, Aranzadi Zientzia Elkarteak gorpuzkiak hobitik atera zituen eta proba genetiko desberdinek horietako baten nortasuna baieztatu dute, Hipolito Berasategi Alcalderena. Bere alaba Josefak emandako DNAri esker egin da identifikazioa. Josefa Berasategi oso pertsona aktiboa izan da bere aitaren bilaketan eta baita memoria historikoaren berreskuraketan ere.
Felix Rodriguez Arana, Tolosan jaioa eta Pasaiako bizilaguna, UGTko afiliatua, Gerra Zibilean «Guipuzcoa» eta «Karl Liebknecht» batailoietan borrokatu zuen. 1937ko ekainaren 19an hil zela jakin arren, gerrako desagertua zen, ez baitzen ezaguna non lurperatua zegoen.
2022an Begoñako hilerrian egindako lanetan aurkitutako hobi komunetik berreskuratu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak bere gorpuzkia, Begoñako hilerrian aurkitutako hobi komunetik, eta orain, 86 urteko alabak emandako DNAri esker identifikatu ahal izan da.
Gaurdaino, Begoñako hobi komunetik berreskuratutako 7 gudari eta milizianoren gorpuzkiak identifikatu ahal izan dira. Memoriaren Institutuak Gerra Zibileko desagertuen familiekin harremanetan jarraitzen du, haiek identifikatzeko, DNA laginak erkatuz.
Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serenakoa (Badajoz), Urduñako espetxe frankistaren biktima da. Nekazaria, ezkondua, 2 seme-alabaren aita, atxilotu eta Badajozen hainbat espetxetatik igaro ondoren, Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten 1940ko urtarrilaren 31n. Hurrengo urtean hil zen, 1941eko apirilaren 17an, 68 urte zituela.
Gorpuzkiak 2014an berreskuratu ziren Urduñako hilerritik, eta, Mallabian (Bizkaia) bizi den haren familia, 2022an jarri zen Gogora Institutuarekin harremanetan, hilerrian hezur-hondar berriak berreskuratu zirela jakin zuenean. DNA laginak erkatzeak ahalbidetu du bederatzigarren identifikazio hau.
Gogora Institutuak lanean jarraitzen du 2014an eta 2022an egindako indusketetan Urduñako hilerritik atera zituzten 70 pertsonaren gorpuzkiak identifikatzeko. Horretarako, espetxean hildakoen 65 familiarekin harremanetan dago, DNA laginak hartu eta erkatzeko.

Bernardo Rodríguez Rinconen gorpuzkiak familiari ematea
Datorren abenduaren 2an, Gogora Institutuak Bernardo Rodriguez Rinconen gorpuzkiak emango dizkio familiari, Legorretako hilerrian. Ehorzketa jarraian egingo du familiak, modu pribatuan.
Bernardo Rodríguez Rincón Campanariokoa zen (Badajoz), nekazaria, ezkondua eta bost seme-alabaren aita. Atxilotu eta hainbat presondegitik pasa ostean, Urduñako Presondegira eraman zuten eta bertan hil zen 1941eko martxoaren 20an, 60 urte zituela.
Bere gorpuzkia 2022an berreskuratu zen Urduñako hilerrian.