Gardentasuna bere osotasunean jorratu eta garatzen duen Gardentasunaren Lege-proiektua onartu du Gobernuak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin batera.

EUSKADIKO GARDENTASUNAREN LEGE-PROIEKTUA

Garamendi sailburuak gaurko prentsaurrekoan parte hartu du Euskadiko Gardentasunaren Lege-proiektua aurkezteko. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bultzatu eta landutako lege proiektu honek gardentasunaren kontzeptua bere osotasunean jorratu eta garatzen duela azpimarratu du Garamendik. Esan duenez, hiru helburu nagusi ditu arauak: administrazioaren gardentasuna bermatzea herritarren aurrean, herritarrek gai publikoetan parte har dezaten bultzatzea eta gobernu programa bakoitza betetzeko garatutako ekintzen eta ekimenen kontuak denbora errealean ematea erraztea.

Zentzu horretan, publizitate aktiboko betebehar gehiago erantsi zaizkio legeari,administrazio publikoen hartutako erabaki guztien, jardueren eta funts publikoaren erabileraren berri eman dezaten. Era berean, lege honek Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortzea aurreikusten du berme organo gisa. Honenbestez, informazioa eskuratzea ukatzen denean edo emandako informazioarekin herritarrak ados ez daudenean, Agintaritza horren aurrean erreklamatu ahal izango dute. Honez gain salatzaileen babeserako eta ustelkeriaren kontrako Europako sistema ere ezartzen da Euskadin. “Euskadiko Gardentasunaren Legearen proiektuak herritarrekin dugun konpromisorako beste tresna bat izan nahi du, politika publikoen eraginkortasuna eta efizientzia hobetuko dituena, eta horrek eragina izango du gizartearen garapenean, Herriaren hazkunde ekonomikoan eta, azken batean, herritarren ongizatean” azpimarratu du Garamendik.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako hainbat gai.

Bozeramaileak azaldu duenez, Kontratu Publikoen Legeak agindu bezala, Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren datorren urteko kontratazio-planaren berri izan du gaurko bileran. Plan horrek 223 kontratu publiko egitea aurreikusten du, 292M €-ko balioarekin, eta sail bakoitzak duten programazioa jasotzen du. “Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen arabera, arlo publikoko erakundeen betebeharra da aurrekontu-ekitaldi batean garatu behar den kontratazio-jarduera programatzea” esan du Zupiriak. Hori dela eta, adierazi du, sail bakoitzaren plana aldez aurretik jakinarazi behar dela, batez ere erregulazio harmonizatua duten kontratuei dagokienez, hau da, kopuru ekonomikoaren mugak gainditzen dituzten eta Europako zuzentarauen mende dauden kontratuei dagokienez.

Era berean, Zupiriak iragarri du, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dutela, beren konturako langileentzako edo langile autonomoentzako enpleguko lehentasunezko BGAE bat, Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea (EPSV izenaz ezagutzen dena) abian jartzeko. “Talde profesional honek, normalean, lehenengo zutabean kotizatzen du, hau da, gutxienekoetan, eta horren eraginez prestazio eta pentsio murriztuak lortzen ditu” esan du. Zupiriak azaldu duenez, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea hau abian jartzeak aurreikuspen sozial osagarri bat bultzatu nahi du autonomoentzat, eraginkorra izango dena, kudeaketa-gastuetan doitua eta langileak goiz sartuko direna. Erakunde hau martxan jartzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak euskal merkataritza-ganberei 100.000 euroko dirulaguntza ematea erabaki du Gobernu Kontseiluak gaur.

Jarraian, Hezkuntza sailarekin zerikusia duten eta gaurkoan onartuak izan diren beste hainbat gai aipatu ditu Zupiriak, guztiak Zientzia eta ikerketarekin dute zerikusia. Batetik, Bikaintasunezko ikerketaren arloko agindu bat onartu da 2014-2026 aldian oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuak gauzatzeko. Deialdi honek 800.000 euroko zenbatekoa du orotara eta helburu du Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea eta oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzen laguntzea, kalitate eta interes zientifiko eta teknologikoko ikerketa aplikatuko edo teknologikoko proiektuen bitartez. Bestetik, 200.000 euro bideratuko dira ikerketa zientifikoen arloko kongresu eta bilerak antolatzeko eta onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente egiaztatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Amaitzeko, Kultura eta Hizkuntz Politika sailarekin lotutako gaien berri eman du Zupiriak. Izan ere Elebideren, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren, 2022ko txostena onartu da gaurko bileran. Txostenaren arabera, 2022an hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 212 intzidentzia erregistratu ziren iaz zerbitzu honetan, aurreko urtean baino 65 gutxiago.  Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 178 kexak izan ziren, eta horien artean 171tan (% 96) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; eta, 7 kasutan, eskubide-urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guzti hauen artean % 78a esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeagatik egin ziren eta % 21ean esparru pribatuari zegozkien. “Aipatu nahi dut salaketa hauen konponbidearen ikuspuntutik begiratuta 178 kexetatik ia % 60ak irtenbide egokia izan zutela eta % 32 izan ziren irtenbiderik gabe itxi zirenak, erreklamatuak Elebidek bidalitako jakinarazpenei erantzun ez izateagatik. Azkenik, 14 kexak (% 7,8) ez zuten irtenbiderik izan herritarrak erreklamatutako entitatean emandako erantzuna ez zuelako onartu” azaldu du Zupiriak.

Amaitzeko, galderen tartean, Hezkuntza Legeari erreferentzia egin dio bozeramaileak “landutako dokumentuak 121 artikulu ditu eta banan-banan landu eta adostu dira guztiak alderdi politiko ezberdinekin; hitzaurrean egindako aldaketa txiki batek sortu ditu desadostasunak;  zilegi da desberdintasun horiek azpimarratu nahi izatea, baina ez da ulertzen 3 urtez artikuluz artikulu lantzen aritutako legea bere osotasunean atzera botatzea hitzaurreko desadostasun txiki bategatik.

Transferentziei dagokienez, Garamendi sailburuak azaldu du bere saila gobernu osatu berriarekin harremanetan jarri dela akordioan jasotako transferentzietan aurrera egiteko.