Mariasun Landa idazlea 2023ko Emakunde Saria, sormenaren bitartez berdintasunari eta emakumeen eta nesken duintasunari egindako ekarpenagatik

  • Epaimahaiak goraipatu du bere lan zabalak feminismoa eta euskara biltzen dituela
  • Goraipamena mundu berdinzaleagoa irudikatzen laguntzen duten kultur sortzaileengana zabaldu du epaimahaiak

2023ko Berdintasunerako Emakunde Saria Mariasun Landa Etxebeste idazle gipuzkoarrak jaso du. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak iragarri dute aukeraketa, sariduna bera bertan dela.

Sailburuak azpimarratu du “haur eta gazteei zuzendutako bere literatur lan zabala, zeinetan sexismoaren aurkako borroka eta nesken eta emakumeen ahalduntzea kezka nagusi diren”. Mariasun Landak berdintasunari eta neskato, nerabe eta emakumeen duintasunari egindako ekarpen sortzailea da epaimahaiak aho batez erabakitako epaian nabarmendutako argudioetako bat.

Landaren hautagaitza REDAGI Gipuzkoako Emakume Elkarteen Federazioak bermatu du, eta, Melgosak gogoratu duenez, “sariak jasotzen dituen irizpide guztiak biltzen ditu, hala nola sarituak berdintasunaren alde egiten duen ibilbidea, garrantzia, oihartzuna eta eragina”.

Garrantzi hori agerian geratzen da beste hizkuntza batzuetara gehien itzulitako egileetako bat delako eta hainbat sari garrantzitsu jaso dituelako. Mariasun Landaren literatur ekoizpenak feminismoa eta euskara biltzen ditu, eta, horrez gain, sozializazio-prozesuan eta nortasun-eraikuntzan dagoen publiko gazte bati zuzentzen zaio.

Sailburuak epaimahaiaren hitzak aipatu ditu, Landak neskato eta nerabeen pertsonaia «erabakigarri eta autonomoak, sentiberak baina erabakigarriak» eraikitzeko duen gaitasuna goraipatzeko. Nerea Melgosak gogorarazi du saila eta Emakunde ahalegin handia egiten ari direla gazteriarengana iristeko, eta fikzioa «elementu eraginkorra dela neskei eta mutilei berdintasunarekin lotutako hausnarketak hurbiltzeko».

Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren epaimahaiak Landaren militantzia feminista aktiboa nabarmendu du, 80ko hamarkadaz geroztik Donostiako Emakumeen Asanbladan,eta honekin batera azpimarratu du Literaturaren Didaktikako irakasle titular gisa egindako unibertsitate-irakasle lana. Horri guztiari dibulgazio-jarduera zabala gehitu behar zaio, egungo feminismoaren historian eta genealogian funtsezkoak diren beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bidez.

Mariasun Landaren lan oparoak hainbat literatur sari jaso ditu: Euskarazko Haur Literaturako Lizardi Saria, 1982an; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, 1991n; eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala, 2003an. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen, eta 2016an, Rosalía de Castro Saria. Landa, gainera, Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kidea da.

Miren Elgarrestak adierazi duenez, emandako Emakunde Sari honen bidez “epaimahaiak errekonozimendua zabaldu nahi die fikziozko munduetatik bestelako mundu bat, berdinzalegoa, irudikatzeko aukera eskaintzen duten sortzaileei, beren sormen prozesua ikuspegi feminista duen eraldaketa sozialerako gune bihurtzen dutelako”.

Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen, publiko zein pribatuen, jarduna jendaurrean aitortzea. Saria Iñigo Urkullu lehendakariak emango du 2024ko otsailaren 6an. Aurreko urteetan saritutako hautagaiak