Eusko Jaurlaritzak 30 milioi bideratuko ditu Hirugarren Sektoreak Europako Plus 2021-2027 Gizarte Funtsaren Programan parte hartzeko

Urtarrilaren 12an aurreikusita dago argitaratzea Europako Gizarte Funtsak (EGIFek) 2021-2027 EAEko EGIF+ programaren esparruan finantzatu beharreko eragiketak hautatzeko deialdia, 30 milioi euroko zenbatekoaz, joan den asteartean Lanbideko Administrazio Kontseiluak hura onartu ondoren.

Eragiketa horiek Europako Batzordeak duela urtebete onartutako EAEko 2021-2027 EGIF+ programan sartuta daude. Programa horrek 197 milioi eurotik gorako jarduketak biltzen ditu aldi horretarako. Horietatik 79 milioi Europar Batasunak jarriko ditu eta 90.000 pertsona baino gehiagori laguntzea aurreikusi da.

Testuinguru horretan, garrantzitsua da azpimarratzea programaren esleipen ekonomikoaren erdia, gutxi gorabehera, kolektibo kalteberenen laguntzan zentratutako kanpoko erakundeen parte-hartzearekin gauzatuko dela. Horrela, kalitatezko enplegua lortzen eta mantentzen lagundu nahi da, bai eta desgaitasunen bat duten pertsonei eta pobrezia- edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenei gizarteratzen eta laneratzen lagundu ere, Legebiltzarrak aurreko astean onartutako Enpleguaren Euskal Legearen eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen irizpideekin bat etorriz. Ekonomia eta Ogasun Sailak bultzatzen du garapen hori, eta Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako Zuzendaritza da bitarteko erakunde koordinatzailea.

Ildo horretatik, joan den otsailean programa hori aurkezteko egindako ekitaldian, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak balioetsi egin zuen kanpoko erakundeen parte-hartze hori: “gure ustez, arlo honetan lan egiten duten organismo eta erakunde publiko eta pribatuek zuzenean parte hartzea baita bide bakarra beharrak ondo ezagutzeko eta erakunde publikoen laguntza gehien behar dutenengana behar bezala iristeko”.