Tapia: «Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea otsailean onartzea espero dugu. Legerik onena izateko lan egin dugu»

  • «Lana oso aurreratuta dago. Talde parlamentarioek oporraldian lan egin dute «
  • «Hobetzeko ekarpenak jaso dira, eta legea babes zabalarekin onartzea espero dugu»

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaurkotasuna aztertu du, gaur goizean, Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Beste gai batzuen artean, honako hauek baloratu ditu:

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea. «Oso aurreratuta dago ponentziaren lana. Uste dugu hilabete barru izan dezakegula ponentzia, irizpenarekin eta osoko bilkurara bidalita, onar dadin. Hilabete barru onartzea posible izango dela uste dut. Lan handia egin dugu, Jaurlaritzak eta talde parlamentarioek, legerik onena izateko. Euskadin etorkizun hobeari heltzea ahalbidetuko duen legea izango da, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean pertsonak kontuan hartuta. Otsailean onartuko delakoan nago. Espero dut oposizioarekin akordio batzuk lortzea. Bidalitako zuzenketa bakoitza aztertuko dugu, asko izan baitira eta hobekuntza gisa».

Itsaso Gorrian gertatutakoaz eta hornidura-arazoez. «Itsasontziak ez badoaz Suezko kanaletik, eta bidaia luzeagoa egin behar badute, pleitak garestitu egiten dira, eta hornidurak iristeko denbora gehiago behar izaten dute eta garestiagoak izaten dira. Pandemian bizi izan genuen. Horrek zailtasunak eta ziurgabetasuna sortzen ditu gure enpresetan. Ez da egoera ideala, baina irtenbideak bilatu behar dira «.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-programa bat jarriko du abian urte hasieratik, enpresekin lankidetzan aritzeko. Helburua da inbertsio berriak erraztea, teknologia ezartzea, efizientzia edo jasangarritasun energetikorako inbertsioak egitea eta enplegua sortzea. Lehenbailehen egin behar dugu, eta bihar aurkeztuko dugu aurtengo laguntza plana, 600 milioi gure funtsekin.