Eusko Jaurlaritzak ITSASERTZA » Itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko Euskadiko larrialdi-plan bereziaren alerta-fasea aktibatu du (Gobernu Bilera 2024-1-9)

  • Prebentziozko aktibazio bat da, Galizian eta Asturiasen dagoeneko eragina duten hondakin mikroplastikoak Euskadiko kostaldera irits daitezkeelako
  • Aurreikuspenen arabera, ekialdetik eta ipar-ekialdetik joko duen haizeak, hasiera batean, eragotzi egingo du isuria epe laburrean gure kostaldera iristea

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, prebentzio moduan, ITSASERTZA – Itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko Euskadiko larrialdi-plan bereziaren alerta fasea aktibatu du, Galiziatik eta Asturiasetik Euskadiko kostaldera hondakin mikroplastikoak irits daitezkeela aurreikusita. Fase horrek inplikatzen du itsas kutsadurako gertakari posible baten aurrean mobilizatu daitezkeen baliabideak eta bitartekoak antolatzea, beharrezkoa den erantzun-mailaren arabera.

Erabaki hori hartu da AZTI itsas teknologia zentroak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eskatuta, egin duen azterketaren ondoren.  Azterketa horretan egoeraren berri ematen da, abenduaren 8tik (Portugalen isuria gertatu zen eguna) urtarrilaren 8ra bitartean egindako itsasoaren baldintzen lehen simulazio baten bidez.

AZTIk orain arte hiru simulazio egin ditu izan litezkeen arriskuak ebaluatzeko, eta oraingoz ez da inolako eraginik hauteman gure kostaldean. Alde horretatik, aurreikuspenen arabera, ekialdetik eta ipar-ekialdetik joko duen haizeak, hasiera batean, eragotzi egingo du isuria epe laburrean (aste honetan) gure kostaldera iristea.

Hala ere, eta Plana aktibatu izanaren ondorioz, eta isuria iritsiko balitz ere aurrea hartu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak etengabeko zaintza-lana lehenetsi du, erakunde, organismo eta sektore guztiak koordinatuz, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren zuzendaritzapean, ahalegin guztiak bateratu eta koordinatzeko.

ITSASERTZA itsas kutsadurako egoera bati aurre egiteko prozedura da, egoera horren ondorioz pertsonen eta ondasunen segurtasuna arriskuan jartzen bada. Planaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko kostalde osoa da, eta, eragin operatiboetarako, lurralde-zatiketarekin bat datozen bi eremutan banatzen da: Bizkaia eta Gipuzkoa.

Planean arriskuen analisia egiten da, eta horren baitan baldintza meteorologikoen, ozeanografikoen eta ingurumenekoen araberako kutsadura-arriskuak ebaluatzen dira. Horrez gainera, instalazioen ezaugarriak eta horien baldintza operatiboak ere aztertzen dira, horrela badagokio eremu kalteberenak identifikatuz, aplikazio-eremuaren barruko zonako sentikortasun-mapen bidez, plana aktibatzen den egoeretan eremu horiek babesteko.