Josu Erkorekak Yerba-Buena Emakume Ijitoen Elkartearen presidentea hartu du

  • Lan-bileran, batez ere, ijito-komunitatearen eta Euskal Poliziaren arteko harremana jorratu dute

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua gaur goizean elkartu da Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan Pilar Herediarekin, Yerba-Buena Emakume Ijitoen Elkartearen presidentearekin, eta José Manuel Cortesekin, elkarteko proiektuen koordinatzailearekin. Bileraren helburu nagusia ijitoen kolektiboaren eta Euskadiko polizien arteko harremanarekin lotutako hainbat alderdi jorratzea zen.

Lehenengo bilera honetan, Erkoreka eta Heredia bat etorri dira adieraztean beharrezkoa dela elkar hobeto ezagutzea, eta, bide batez, ijitoen eta Euskal Poliziako agenteen arteko harremana hobetzea.  Horrela, esate baterako, bi aldeek aztertuko dute Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteen formakuntza-saio espezifikoak antolatzeko aukera, ijito-kulturaren ezagutza eta elkarbizitza sustatzeko, lankidetza eraginkorragoa gauzatu ahal izan dezaten.

2026rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru duen Euskal Autonomia Erkidegoko ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluan Eusko Jaurlaritzako sail guztiek, foru-aldundiek, EUDELek, ijito-elkarteek, ijitoen aldekoek eta beste hainbatek parte hartzen dute. Lantalde horretan parte-hartzean oinarrituta egindako lan handiari esker, Eusko Jaurlaritzak 2020an jarri zuen abian 2026rako Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia, Euskadiko elkarteen eta erakundeen arteko adostasun zabal batekin sortu zen bide-orria.

Ekintza-plan hori bat dator giza eskubideen eta, zehazki, ijitoen aurkako jarreraren kontrako borrokaren arloko Europako jarraibide aurreratuenekin. Hiru ardatz estrategiko nagusiri erantzuten die (errespetua, gizarte-sustapena eta aintzatespena), eta zeharkako bi ardatzi (genero-ikuspegia eta intersekzionalitate/belaunaldiartekotasun ikuspegia). Hortik abiatuta, ekintza zehatz ugari planteatzen dira zazpi lan-esparrutan:

  • Hezkuntza.
  • Osasuna.
  • Etxebizitza.
  • Gizarteratzea eta laneratzea.
  • Benetako berdintasuna.
  • Kultura eta nortasuna.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

Yerba-Buena elkartea

2022ko martxoan, Pilar Herediak Yerba-Buena Emakume Ijitoen Elkartea sortu zuen ijito-komunitatearen eskubideak aitortzea eta berdintasuna sustatzeko.  20 urte baino gehiago eman ditu ijitoen herriaren interesak defendatzen eta ordezkatzen politikaren eta gizartearen esparruan, komunitatea ahalduntzeko eta ijitoen komunitatearen eta gizartearen artean elkarbizitza harmoniatsua sustatzeko programak eta proiektuak bultzatuz.