Bilboko BAT dorrean egingo dute uraren sektorearekin lotutako zibersegurtasunari buruzko jardunaldia

Bilboko BAT dorrean (ekintzailetza-zentroa) uraren sektorerako zibersegurtasuneko erronkei buruzko jardunaldia egingo dute urtarrilaren 24an. Zibersegurtasun arloko adituek eta agentziek eta sektoreko erakunde esanguratsuek uraren kudeatzaileek aurre egin beharreko mehatxu zibernetikoak jorratuko dituzte.

Ekimena Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatu du Ciber Agua 2024 izenburupean, eta izen-emateak zabalik daude dagoeneko. Aktibo kritikoak eta, horrenbestez, denentzat ezinbestekoena den baliabidea modu seguru eta eraginkorrean babesteko tresnak erakutsiko dituzte.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuak, Estibaliz Hernaezek, irekiko du. Bertan esku hartuko duten adituetako batzuk izango dira hauek: Mariano González, Canal Isabel IIko CEOa; Álvaro Fraile, Ayesako zibersegurtasuneko zuzendaria; eta Javier Diéguez, Cyberzaintzako zuzendari nagusia.

Gainera, Ekosistema digital segurua eta uraren eta saneamenduaren sektoreetan zibermehatxuak arintzeko moduak hizpide izango dituzten bi mahai-inguru ere egingo dira.