55 euskal enpresa izango ditu partaide sektore eolikoaren Europa mailako ekitaldirik garrantzitsuena

Euskal sektore eolikoak ezagutzera emango ditu bere gaitasun industrial eta teknologikoak, BECen martxoaren 20tik 22ra bitartean egingo den “WindEurope Annual Event Bilbao 2024” ekitaldian. Euskadiko Energia Klusterrak antolatutako “Wind Energy Basque Country” markapeko stand bateratuan parte hartuko duten 45 enpresez gain, beste 10 enpresak stand propioa izango dute mundu osoko 12.000 profesional baino gehiago bertaratzea espero den sektore eolikoaren Europa mailako ekitaldirik garrantzitsuenean.

WindEurope annual event 2024 ekitaldiko bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte enpresen standetan azkenaldiko produktu eta garapen teknologikorik berrienak. Euskadiko Energia Klusterrak “INDUSTRY FOR THE WIND ENERGY mezu nagusia duen stand propioa izango du.

WindEurope annual event 2024 delakoaren testuinguruan, Euskadiko Energia Klusterrak zenbait jardunaldi tekniko eta “side event” antolatuko ditu, Euskadiko balio-kate eolikoa osatzen duten enpresen garrantzia aldarrikatzeko, hauen gaitasun teknologikoa, lehiatzeko posizionamendua eta nazioarteko merkatuetan duten presentzia zabala nabarmenduz. Era berean, Euskadiko Energia Klusterrak eta Basque Trade & Investment-ek B2B bilera-gunea prestatu dute B2Match tresnaren bidez, ekitaldira bertaratuko diren nazioarteko ordezkaritzetako enpresei bertan parte hartzeko aukera emanez.

Ekitaldiak talentu-programa bete-betea ere izango du 3 egunetan, WindEurope-k sustatuta, sektoreko enpresetan sartzeko interesa duten ikasle eta profesional gazteentzat. Euskadiko Energia Klusterra da programaren babesle bakarra, eta eginkizun nabarmena izango du programatutako jardueretan. Aipatzekoak dira ostiralean, hilak 22, Euskadiko Energia Klusterreko enpresen standetara 300 ikaslerentzat antolatuko diren bisita gidatuak.