4GUNEk eta BRTAk bat egin dute Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala sustatzeko prestakuntza-programa eskaintzeko

‘Industria adimenduna: teknologian oinarritutako erabakiak hartzea’ izenburupean, programa exekutibo honen bidez, Euskadiko trantsizio digitalari erantzun ahal izango zaio, lehiakortasunari bultzada emateko abangoardiako teknologien ezagutza eta datuen analisia jorratuta.

Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Hezkuntzako Klusterrak (4GUNE) eta Basque Research and Technology Alliancek (BRTA) indarrak batu dituzte Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala bultzatzeko. Helburu horrekin, ‘Industria adimenduna: teknologian oinarritutako erabakiak hartzea’ prestakuntza-programa diseinatu dute. Programa horren helburua da Euskadin eraldaketa digitalari erantzuna ematen laguntzea.

2024ko maiatzetik ekainera bitarte eskainiko den 40 orduko programa exekutiboa da. Horren helburua da Euskadiko enpresetan gerentziako eta erdi mailako lanpostuak dituzten profesionalei prestakuntza praktiko eta dinamikoa ematea, beren erakundeetan eraldaketa digitala bultzatzen laguntzeko tresnak eskaini ahal izateko. Abangoardiako teknologien ezagutza eta lehiakortasuna bultzatzeko datuen analisia landuko dira, erabakiak hartzea, lidergoa, kudeaketa eraginkorra, baliabideen mobilizazioa eta estrategia ardatz hartuta.

Hala, unibertsitate arteko programa hau beren ezagutzak eguneratu eta gaitasun berriak eskuratu nahi dituzten profesionalei zuzenduta dago. Bertan, era askotako gaiak jorratuko dira: berrikuntza eta enpresen hazkundea bultzatzeko Big Data; Adimen Artifiziala (AA) negozioetan integratzea, prozesuak eraldatuz eta aukera berriak sortuz; eta zibersegurtasuna, mehatxu digitalen aurrean babesten ikasteko.

Ikastaroa irakasteko modua diziplina anitzekoa, zeharkakoa eta aditua izango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika fakultateak (Donostia), IMHk – Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak (Elgoibar), Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateak (Bilbo) eta Mondragon Unibertsitateko Goi Mailako Eskola Politeknikoak eskainiko dute.

Gainera, kasu praktikoak eta arrakasta izan duten kasuak aurkezteko, Euskadiko hainbat erakundetako eta BRTAko zentroetako adituek ere hartuko dute parte. Tekniker, Ideko, Vicomtech eta Tecnalia izango dira zentro horiek eta haien egoitzak bisitatzeko aukera egongo da. Hala, industria adimendunaren arloko profesionalen artean elkarlana eta ezagutza trukatu ahal izateko ingurune parte-hartzailea eta multi-lokalizatua eraikiko da.

Programa osoa eta izena emateko formularioa hemen eskura daitezke.