Errekak DUNE proiektu zientifikoan hasi du bere ibilbidea, torloju adimendunak garatzeko

Urte hasieran, Erreka, Mondragon Korporazioan integratua, DUNE (Deep Underground Neutrino Experiment) esperimentu zientifikoko bazkide teknologikoa izango zela iragarri zen. Horrela, Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundeak (CERN) Debagoieneko konpainia aukeratu zuen 1,5 kilometro baino gehiagoko sakoneran lurperatuta egongo diren eta neutrinoak detektatzeko balioko duten egiturak finkatzeko erakunde arduradun gisa. Hau da, partikula horien detektagailuaren egitura osorik konformatzeko 90.000 funtsezko finkapen fabrikatzea beharrezkoa da. Konpainiak berak erabili ditu pieza horiek sektore eolikoko, meatzaritzako edo azpiegituretako beste proiektu handi batzuetan. 

Konpainiak zehatz-mehatz ikuskatuko ditu pieza guztiak, eta batzuk adimendunak izango dira; hau da, Erreka Digital Bolt teknologia berritzailea izango dute, finkapenak etengabe monitorizatzea ahalbidetzen duena, eta, era horretan, torloju horiek osatzen duten egitura handia ere bai. Aurreikusita zegoen bezala, martxoaren hasieran entregatu ziren lehen aurreserieak, eta konpainiak seriean fabrikatzen hasteko enkargua jaso du. Eskaera urtearen amaierarako programatuta dago. Proiektu honetan parte hartzeak sektore zientifikoan Errekak emango duen lehen pausoa izango da. 

DUNE, gure jatorriak ezagutzeko lurpeko esperimentu nabarmena

DUNEren helburua neutrinoak aztertzea da, unibertsoko zalantza askori erantzuteko giltzarri izan daitezkeen partikula iheskorrak, eta gure jatorria aurkitzea ere ahalbidetuko lukete. 

Egiturak 34.000 tona argon likido izan behar ditu -184 gradutara, eta Sanford Undeground Research Facility eraikinean eraikiko da, Hego Dakotako sakonean, 1.500 metrora. Urruneko detektagailu erraldoia, bere motako osoena, neutrinoen interakzioak erregistratzeko diseinatuta egongo da, orain arte inoiz ikusi ez den zehaztasunez. Hiru urtez, 800.000 tona harri mugitu beharko dira detektagailua eta haren laguntza-sistemak ezartzeko. 

Hego Dakotako detektagailuaz gain, proiektuaren beste hanka Chicagoko kanpoaldean kokatuta dago. Fermi Azeleragailu Nazionalaren Laborategian (Fermilab) sortuko dira neutrino horiek, Sanford Laborategitik 1.300 kilometrora. Partikulek argiaren antzeko abiaduran bidaiatuko dute. 

Proiektu honetan 35 herrialdetako 1.000 zientzialari eta ingeniarik baino gehiagok hartuko dute parte, eta 2026an hasiko da. Amaitutakoan, partikula horien propietateak aztertzeko Estatu Batuetan eraiki den esperimenturik handiena izango da. 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.