Emakumeen eta nesken salerosketa, prostituzioa eta pornografia eztabaidagai Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

  • Gaian adituak diren Mabel Lozanok, Olaya Garciak eta Patricia Martinez de Musituk lotuta dauden fenomeno hauen erronka zaharrak eta berriak aztertu dituzte PAREZ PARE jardunaldian

Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria buru dela egin da gaur goizean “PAREZ PARE:  Salerosketa, prostituzioa eta pornografia. Lotutako fenomenoen erronka zaharrak eta berriak” jardunaldia, Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk Arkauten antolatuta.

Saio horretan, giza eskubideen defentsan, Soziologian eta Segurtasunean adituak diren Mabel Lozanok, Olaya Garcíak eta Patricia Martinez de Musitu, gizakien salerosketaren eta, bereziki, emakumeen eta nesken salerosketaren mundu-mailako fenomenoari eta horrek sexu-esplotazioarekin duen loturari buruz duten ikuspegia partekatu dute, azken aldian erraztasun handiz hedatzen ari den fenomenoa izanik Interneten erabileraren gorakadaren ondorioz.

Mabel Lozano idazle, zinema-zuzendari, aktore eta aurkezleak, emakumeen sexu-esplotazioari buruzko istorioak kontatzen dituzten lanengatik ezaguna denak, ikus-entzunezko hainbat pieza proiektatu ditu bere esku-hartzean, bertaratuek bidaia sentsorial bat egin zezaten hiru fenomenoetan zehar edo, bere hitzetan, “Bermudetako triangeluan barrena: gizakien salerosketa, prostituzioa eta prostituzioa 2.0 edo pornografia”.

Jarraian, Olaya Garcia Soziologian doktore eta Cardenal Cisneros Unibertsitate Zentroko irakasle titularrak, Soziologiaren ikuspegitik, aztertu ditu sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa eta prostituzioaren eta gizakien salerosketaren biktimekin egiten den esku-hartze soziala. Eta, amaitzeko, Patricia Martinez de Musituk, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitateko buruak eta sexu-esplotazioa helburu duten salerosketetan adituak, poliziak Euskadin egiten duen lanaren erronkak azaldu ditu.

LANKIDETZA AKADEMIKOA

Jardunaldi hau Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk 2022an izenpetutako hitzarmenaren esparruan egin da. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere.