Mikel Torresek Kataluniako Parlamentuko eta Generalitateko ordezkariak hartu ditu Euskadira egindako bisitan, Inklusiorako eta Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema ezagutzeko

Kataluniako ordezkaritza Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarekin bildu da, euskal esperientzian sakontzeko, Kataluniako Parlamentuan izapidetzen ari den Herritartasunaren Errenta Bermatuaren Lege Proposamena inspiratu baitu 

 Kataluniako Parlamentuko eta Kataluniako Generalitateko Eskubide Sozialen eta Inklusio Departamentuko ordezkaritza bat hartu du Mikel Torres Lehendakariordeak gaur, astelehena, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailera egindako bisitan. Bisita horren helburua izan da Inklusiorako eta Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamendua eta orain bi urte onartutako 14/2022 Legearekin egindako aurrerapenak zuzenean ezagutzea. Bisita Kataluniako Parlamentuan herritartasunaren errenta bermatuari buruzko lege proposamena izapidetzeko prozesuaren baitan dago. Bertan, Kataluniako ordezkariek interes berezia adierazi dute euskal esperientziaren inguruan, eta hori erreferentzia eta inspirazio izan da etorkizuneko arauarentzat.  

Astelehen honetako bilera Lanbideren Gasteizko egoitza nagusian izan da. Bertan, Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Alfonso Gurpegui Enpleguko sailburuordeak, Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak, Sara Buesa Inklusio zuzendariak eta Álvaro Ugarte Prestazioetako zuzendariak hartu dute parte. Kataluniako ordezkaritzak Kataluniako Parlamentuan gehiengoa duten alderdi politikoetako ordezkariak izan ditu, eta, Generalitatearen aldetik, Raul Moreno Eskubide Sozialen eta Inklusio Departamentuko idazkari nagusia, Valentí Arroyo Gizarte Prestazioen zuzendari nagusia eta Raquel López Erakunde Harremanetarako burua. Guillem Vidal, Oinarrizko Errenta Unibertsala Ezartzeko Plan Pilotuaren Bulegoko burua, ere bertan izan da. 

Bileran, euskal ereduaren elementu berritzaileenetako batzuetan sakondu ahal izan du Kataluniako ordezkaritzak; hala nola, zenbatekoak hiru hilean behin eguneratzeko prozedura berriak, oinarrizko premiak betetzeko arintasun eta segurtasun handiagoa ematen dutenak; prestazioaren eta lanetik eratorritako errenten arteko bateragarritasuna artikulatzea, enplegurako pizgarriak sendotzen dituena; edo onuradunei gizarteratzeko prozesuetan laguntzeko eredu berria hedatzea, balorazio eta diagnostiko tresnak txertatuz eta Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalizatuak (IPIP) abian jarriz. 

Lanbideren eta beste gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzu batzuen arteko lankidetzari esker lortutako aurrerapenak azpimarratu ditu topaketan Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Aurrerapen horiei esker, inklusiorako ibilbide mistoak sendotu dira eta egoera aniztasunari hobeto egokitutako erantzunak eman dira. Garapen horiek interes berezia piztu dute Katalunian; izan ere, prestazioen baldintzazkotasunari eta inklusio prozesuen eraginkortasunari buruzko eztabaida puri-purian dago. 

Bisita instituzionalak jarraipena eman zion joan den uztailean Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldiari. Bertan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Sara Buesa eta Álvaro Ugarteren bitartez, Kataluniako lege proposamenaren balorazioa aurkeztu zuen, Inklusiorako eta Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarekin metatutako esperientzia oinarri hartuta. Agerraldi haren ondorioz, eta euskal legearen hainbat alderdik sortutako interesa ikusita, Euskadin lan jardunaldi hori antolatzeko aukera planteatu zuten, eta bihar, asteartera, arte luzatuko da. 

14/2022 Legea indarrean sartu zenetik bi urte igaro ondoren, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak hobekuntza garrantzitsuak finkatu ditu, bai kudeaketan, bai premien estalduran, eta indartu egin du Euskadin gizarte kohesioaren funtsezko zutabe gisa duen eginkizuna. Ikaskuntzak partekatzeko, ereduak kontrastatzeko eta gizarte politika eraginkorragoak, inklusiboagoak eta pertsonengan oinarritutakoak lortzeko konpromiso komuna finkatzeko aukera eskaini du Kataluniako ordezkaritzaren bisitak.