Bainu-garaian hareatzetara txakurrekin sartzeari buruzko atala ez da aldatuko
Donostiako Udala aurrera doa hondartzen ordenantza aldatzeko prozesuan, uda honetatik aurrera hondartzetan erretzea eta bozgorailuak eta soinu-gailuak erabiltzea debekatuta egon dadin. Azkenean, ez da aldatuko bainu-garaian (ekainaren 1etik irailaren 30era) hondartzetara maskotekin sartzeari buruzko atala, eta, beraz, orain arte bezala, debekatuta egongo da hori.
Joan den azaroan, Osasun eta Ingurumen Atalak araudia aldatzeko hasierako proposamena aurkeztu zuen. Proposamen horretan, hiru neurri nagusi jasotzen ziren: erretzea debekatzea, zigarrokinek eragindako kutsadura murrizteko eta kerik gabeko espazioak sustatzeko; zarata sortzen duten gailuak mugatzea, erabiltzaileen ongizate akustikoa eta lasaitasuna bermatzeko; eta urte guztian txakurrek hondartzetan sartzeko modua izatea, Etxeko Animaliak Babesteko Euskal Legera egokituta.
Proposamena herritarrek kontsultatzeko moduan jarri ondoren, erabaki da lehenengo bi neurriekin aurrera jarraitzea eta maskoten sarbideari buruzkoa etenik uztea. «Araudian aldaketa hori egitea planteatu genuen, sinetsirik hiriarentzat positiboa zela eztabaida hori irekitzea. Uste genuen gaiak interes eta jarrera desberdinak sortuko zituela, eta horrexegatik erabaki genuen jendaurrean jartzea. Benetako parte-hartzean sinesten dugu, ez izapide gisa, baizik eta erabakietan eragina izango duen tresna gisa «, adierazi du Iñigo García Ingurumeneko zinegotziak.






























