Euskadik eraldaketa digitala bultzatzen du administrazioaren aro berrian, pertsonak erdigunean jarriz datuen eta adimen artifizialaren bidez

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak LKS NEXT TECH DAY jardunaldian parte hartu du Bilboko Itsas Museoan. Jardunaldian “pertsonak eraldaketa digitalaren erdigunean jartzearen garrantzia, bai eta adimen artifizialak administrazio publiko efizienteagoa, irisgarriagoa eta hurbilagoa bultzatzeko, modernizatzeko eta laguntzeko tresna gisa bete behar duen zeregin erabakigarria ere” azpimarratu nahi izan du Ubarretxenak.

Euskadiko digitalizazioaren aurrerapenak, erronkak eta aukerak ardatz dituen topaketa honetan, sailburuak Pello Rodriguez Mondragon Korporazioko presidentearekin izandako elkarrizketa batean parte hartu du, eta honako hau adierazi du “Euskadi irmo ari da aurrera egiten administrazio-eredu erabat digital eta inklusibo baterantz, erronka sozial eta teknologikoei aurrea hartzeko gai izango dena. Herriak ekosistema instituzional eta teknologiko sendoa du, aro digitalak eskatzen dituen egiturazko aldaketei berme osoz heltzeko aukera ematen duena”.

Digitalizazioa giza prozesu gisa

Bere hitzaldian sailburuak adierazi duenez, “kontua ez da soilik tresna berriak sartzea; herritarrei zerbitzua emateko modua eraldatzea da kontua. Digitalizazioa giza prozesu bat da, eta, horregatik, ziurtatu behar dugu gure zerbitzu publikoak intuitiboagoak, eskuragarriagoak eta erabilgarriagoak direla pertsona guztientzat”. Ildo horretan, Ubarretxenak aitortu nahi izan du administrazioko langileek funtsezkoak direla prozesu honetan. Balioa eman die egokitzeko gaitasunari, konpromisoari eta zerbitzu digital eraginkorragoak eraikitzen parte hartzeari. “Teknologiak ez du berez eraldatzen. Erabiltzen, ulertzen eta gizarte-ongizatearen zerbitzura jartzen duten pertsonek egiten dute”, adierazi du.

Ubarretxenak balioan jarri ditu Administrazioak berriki egindako urratsei, hala nola Euskadiko sektore publikorako Adimen Artifizialeko Estrategia onartzeari eta 2026-2028 aldirako Sektore Publikoaren Eraldaketa Digitaleko Plana egiteari. Bi ekimenek Administrazioaren ikuspegi arin eta hurbila jasotzen dute, teknologiatik harago doana eta antolamendu-, arau- eta kultura-aldaketak barne hartzen dituena, administrazioa bizkortzea eta sinplifikatzea eta zerbitzu publiko digitalak hobetzea barne.

Ildo horretan, gogorarazi du Euskadik datuaren eta AAren gobernantza-esparru aurreratua duela, erantzukizunaren, trazabilitatearen eta eskubideen babesaren printzipioetan oinarritua. “Datua ez da informazioa soilik: ezagutza da, aurrea hartzeko gaitasuna, eta ezinbesteko tresna da gaurko eta biharko erronkei erantzungo dieten politika publikoak diseinatzeko”, adierazi du.

Lankidetza publiko-pribatua

Beste alderdi azpimarragarri bat erakundearteko lankidetzaren eta lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia izan da. Ubarretxenak adierazi du administrazioaren digitalizazioa ezin dela ahalegin isolatutzat hartu, baizik eta erakundeen, enpresen, sektore teknologikoaren, enplegatu publikoen eta herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen duen konpromiso kolektibotzat. Lankidetza horrekin bakarrik egin daiteke aurrera eraldaketa digitaleko eredu integratuago, koherenteago eta jasangarriago baterantz.

Azkenik, Ubarretxenak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa bide horretan aurrera egiten jarraitzeko, datuaren erabilera estrategikoa indartzen duten, sistemen arteko elkarreragingarritasuna sustatzen duten eta trantsizio digitalean inor atzean ez geratzea bermatzen duten proiektuak bultzatuz.