Euskaraz jolasean aritzeko, Parketarrak egitasmoa

Donostiako 22 jolasgunetan, otsailaren 23tik martxoaren 13ra

Parketarrak ekimenari esker, euskaraz jolasteko aukera izango da astelehenetik ostiralera, otsailaren 23tik martxoaren 13ra, hiriko 22 jolasgunetan. Doako ekimen hau urtean hirutan antolatzen du Udaleko Euskara Zerbitzuak: neguan, udaberrian eta udazkenean.

Neguko txanda otsailaren 23tik martxoaren 13ra gauzatuko da ondoko auzoetan: Aiete, Altza-Herrera, Altza-Casares, Antigua, Añorga, Amara-Olaeta, Amara-Araba parkea, Amara-Rafael Alberti plaza, Bidebieta-Julio Urkixo, Easo-Arroka plaza, Egia-Martin Santos plaza, Egia-Atotxa Zelaia plaza, Gros-Katalunia plaza, Gros-Nafarroa Behera plaza, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra-Zuloaga plaza, Txomiñenea eta Zubieta.

Auzo horietako plaza eta jolasgune bakoitzean bi dinamizatzaile izango dira euskarazko jolasak eta jokoak gidatzeko. Adinaren eta parte-hartzaile kopuruaren arabera, bi talde egingo dira:

  • Zabu Zibu, 3-5 urte arteko haurrekin eta haien arduradunekin
  • Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko umeekin.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du jarduera hau, auzoetako euskara batzordeen laguntzarekin, hizkuntzaren erabilera indartzeko asmoarekin aisialdi-eremuan.

Ingurune informalean euskara erabiltzearen garrantzia

Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan ere, garrantzitsua da etxeko giroa eta arlo ludikoa euskaraz lantzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman sareak eratzen hasten da, eta, une horretan ere, oso garrantzitsua da laguntxoekin euskaraz ongi pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzea eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzea.

Parketarrak egitasmoak horretarako baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei. Jolasa da jarduera honen funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza eta beste balore asko barneratzeko, eta musikaz lagunduta iristen da hiriko jolasguneetara.

Mila haur baino gehiago eta 375 heldu aurreko urrian

Parketarren azkeneko txanda joan zen urrian izan zen, eta 66 saio antolatu ziren. Auzo batzuetatik besteetara aldeak badiren arren, familia asko erakartzen ditu jarduera honek, hain zuzen, 1047 haur eta 375 heldu ibili ziren Parketarren bueltan. Helduei dagokienez, inoizko parte hartzerik handiena izan zen urrian eta txalotzekoa da haurrekin parkera doazen helduen portaera eta inplikazioa.