Jarduera-programa zabala hurrengo hilabeteetan zehar egingo da, eta, besteak beste, liburu ilustratu bat eta komiki bat argitaratuko dira, eta bisitaldi gidatuak egingo dira. Irailean amaituko da, mendeurrenaren ospakizunarekin
Larreinetako funikularraren historiaren ehun urteak ospatzeko eta Europan bakarra den garraiobide horrek eremuaren garapen ekonomiko eta sozialean izan duen eraldaketa-ahalmenari gorazarre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Trapagarango Udalak kultura-, jai- eta aisia-ekimenen programa zabal bat garatuko dute urte honetan zehar. Liburu ilustratu bat, komiki bat eta funikularrerako eta ingururako bisita gidatuak dira irailera bitartean egingo diren jarduera ugarietako batzuk. Irailean amaituko da mendeurrenaren ospakizuna oroitzapenezko ekitaldi handi batekin.
Horixe adierazi dute gaur La Escontrilla geltokian Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta funikularraren operadore den Euskotreneko presidente Susana García Chuecak eta Trapagarango alkate Miguel Ángel Gómez Viarrek, Euskotreneko zuzendari nagusi Javier Seoanerekin batera, Larreinetako funikularraren mendeurreneko ekitaldi guztiak egiteko bi erakundeen arteko lankidetza xedatzen duen hitzarmena sinatzeko ekitaldian.
Aurreikusitako ekimen horiek guztiak Euskotrenek (100.000 €) eta Trapagarango Udalak (10.000 €) finantzatuko dituzte, eta haien helburua da garraiobide horren izaera historikoaren eta eraldatzailearen balioa azpimarratzea; izan ere, bakarra da Europan bere plataforma horizontalarengatik. Bere eraikuntza-ezaugarri bereziek Zugaztieta eta Trapagarango meatzaritza- eta gizarte-bizitza eraldatu zuten, eta horrek funikularra euskal industria ondarearen ikur bihurtu zuen (2014an «Kultura Intereseko Ondasun» izendatu zuten). Denboraren joanak ez du eragotzi funikularrak herritarrei zerbitzua ematen jarraitzea: lehenik eta behin, meatzariak igo eta burdin minerala Zugaztietako ustiategitik fabriketara eramateko, eta orain, gunea deskarbonizatu ondoren, aisiarako eta aisialdirako gune handiak dituen berdegune batera iritsi ahal izateko.
“Mendeurrena ospatzea historiari, egungo indarraldiari eta etorkizuneko ibilaldiari omenaldia egitea da, oso kutsatzailea den ekonomia batetik (ikatza) beste ekonomia jasangarri eta garbi batera igarotzeko adibide argia”, azpimarratu du Susana García Chueca sailburuak, hemendik 2050era neutraltasun klimatikoa lortzeko Europako Itun Berdearekin bat.
Trapagarango alkateak nabarmendu duenez, “erakundeen arteko elkarlanaren ondorioz, Larreinetako Funikularrak, gure herria hobekien definitzen duen ikonoa denak, aldaketa handia izango du hobetzeko, egokitzeko eta are gehiago balioesteko”.
2026an zehar, funikularraren garrantzia nabarmenduko da liburu ilustratu batean (Euskotreneko Museoko zuzendari Juanjo Olaizolak koordinatua eta tokiko diseinatzaile Amaia Ballesterosek marraztua), hainbat dibulgazio-hitzalditan, jolas- eta jai-ekitaldietan eta egungo erakusketa-guneen hobekuntzan. Umeengana eta gazteengana iristeko asmoz, komiki bat ere argitaratuko da, eta bisitaldi gidatuak antolatuko dira ikastetxeentzat.
Gainera, funikularrari omenaldia egiteko, Correosen zigilu eta ONCEren kupoi bat ere egingo dira. Oroitzapenezko ekitaldiei amaiera emateko, oroitza publikoa egingo da irailean.
Kabina berrituak
Mendeurrenaren urtean, Larreinetako funikularrak erabat berritutako kabinak estreinatuko ditu.
Dagoeneko berritzen hasi dira, eta helburua da bidaiariek zein Euskotreneko langileek bidaian konfort eta erosotasun handiagoa izatea, Larreinetako eta Zugaztietan bizi direnei eta bisitariei kalitatezko garraio publikoa eskaintzen jarraitu ahal izateko, duela ehun urtetik etengabe egiten den bezala.
Hain zuzen ere, lanak egin bitartean funikularraren zerbitzua eten ez zedin, Euskotrenek soluzio tekniko berri bat erabili du: tailerrera eraman den lehenengo kabinaren ordez itsas garraioko edukiontzi bat jartzea. Edukiontzi horrek aurrealdeko beirak ditu, bai eta erabat funtzionala den gidaritza-postu bat ere, ibilbidea ikuskatzeko eta, beharrezkoa balitz, jarduteko.
Edukiontziak ez ditu bidaiariak garraitzen; hortaz, joan den astetik, funikularrak kabina bakarra du. Horretaz gain, ordutegia behin-behinean aldatu da lanek irauten duten bitartean. Lanegunetan 60 minutuan behin ematen da zerbitzua ia egun osoan, eta 40 minutuan behin erabilera handieneko uneetan. Asteburuetarako, erabiltzaileen beharretara egokitutako zerbitzua diseinatu da. Uneren batean eskariak gora egiten badu, aurreikusi da autobus- edo taxi-zerbitzuak indartzea.






























