Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren lankidetza du ekimenak, edizio berezi honetarako hezkuntza-arloko material berriak sartzea bultzatu baitute, eta ‘La Caixa’ Fundazioaren laguntza ere bai. Nafarroako Ikasketa Integraleko Zentroak (CNAI), gainera, ikasleei zuzendutako hezkuntza-jarduerak ematen parte hartuko du.
Aurkezpenean, Chivitek honela adierazi du: “eklipsea ere aitzakia ezin hobea da zientziaz hitz egiteko eta dibulgazioa egiteko. Ehunka ikasle igaroko dira instalazio honetan bi aste horietan, ziurrenik haien bizitzan behin bakarrik ikusiko duten fenomeno astronomikoaz gehiago jakiteko. Protagonista nagusia eklipse simulagailu hau da, eta munduan mota honetako instalazio gutxi daude. Gainera, Iruñeko Planetarioaren zain izanik, kupula erraldoi hau daukagu, eklipseak nola sortzen diren azaltzeko asmatutako programa berezi bat ikus ahal izateko”.
Horrez gain, Lehendakariak Izar Eskolaren ibiltaritza nabarmendu du: “orain Baluarten dago, baina hemendik ikasturtearen amaierara, Nafarroa osoan zehar ibiliko da, komunitate honetako haur guztiak zientziara apur bat gehiago hurbildu ahal izateko eta benetako dibulgatzaileen eskutik informazio fidagarria lortu ahal izateko”.
EKLIPSE Izar Eskola Berezia
EKLIPSE Izar Eskola Bereziak estreinatuko dituen material berriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Unibertsitateko Departamentuek bultzatu dituzte ‘La Caixa’ Fundazioaren laguntzarekin, eta horien artean kabina murgiltzaile bat egongo da, 6 metroko luzekoa, 10 lagunentzako lekua duena; bertan, ikasleek Eguzkiaren eklipse oso bat nola gertatzen den ikus ahal izango dute eta une hain berezi horretan ingurunea nola eraldatuko den sentitu.
Programaren barruan, ia 4 metroko altuera duen kupula erraldoi bat ere badago, eta bertan Iruñeko Planetarioko talde zientifikoak hautatutako sekuentziak proiektatuko dira. Edukiaren aldetik, abuztuaren 12ko “hiru protagonista” nagusituko dira, eta eklipsea modu seguruan ikusteko beharrezko informazioa ere emango da. Horri tamaina handiko bi eguzki-teleskopio gehitu behar zaizkio, errege astroa xehetasun guztiekin ikus ahal izateko. Gainera, bisitetan, ikasleek fenomenoaren inguruko hainbat tailer pedagogiko egingo dituzte, eta, horietan, Eguzkia-Lurra-Ilargia sistema muntatuko dute, eklipseari buruzko Trivial berezia egingo dute, etab.
Eskola-bisitak gaitutako linkaren bidez eska daitezke, bai eklipsenavarra.com web gunean, bai Planetarioaren orrialdean. Bisitak ordu 1 eta 45 minutukoak izango dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira.
EKLIPSE edizio berezia; gainera, ibiltaria izango da
Martxoaren 24ra arte, EKLIPSE Izar Eskola Berezia Baluarteko Erakusketa Aretoan egongo da. Ordutik aurrera, ibilbide hau egingo du: Azagra -martxoaren 25etik apirilaren 1era-, Azkoien -apirilaren 13tik 30era-, Iruña -berriro Baluarten, maiatzaren 1etik 8ra-, Lerin -maiatzaren 11tik 22ra-, Altsasu -maiatzaren 25etik ekainaren 5era- eta Lodosa, ekainaren 8tik 19ra.
Azaroaz geroztik, Izar Eskola Tafallako Kultur Gunean egon da, STROM erakusketaren eskutik, eta 300 ikasle baino gehiago joan dira bertara.
Baluarten estreinatutako material berriak, gainera, fenomeno bakar hori abuztuaren 12a baino lehen Nafarroako gizarteari informazioa emateko eta harengana hurbiltzeko balioko duten dibulgazio-elementuen parte izango dira. Horrela, Nafarroako herritarrek fenomenoak izango dituen inplikazioen gainean ahalik eta informazio gehien izatea lortu nahi da. Nafarroa izango da, ziurrenik, fenomenoa ahalik eta ondoen ikusiko den eskualdeetako bat.





























