ELA, LAB, STEILAS, Hiru, Etxaide, CGT-LKN, CNT, Solidari Sindikatu Elkartea eta ESK sindikatuek astearte honetarako, martxoak 17, deitu duten greba dela eta, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako langileei eragingo dieten gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu.
Modu horretan, gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatze aldera Osasuna, Hezkuntza, Babes Zibila, Suhiltzaileak eta Eskubide Sozialak bezalako arloetan, besteak beste. Administrazio-zerbitzuei dagokienez, gutxieneko zerbitzuekin herritarrei arreta emateko guneetan jarduera bermatu nahi da. Gutxieneko zerbitzu horien guztien berri eman zaie deialdia egin duten sindikatuei eta lantoki eta eragindako pertsonei.
Osasuna
Ospitaleetan, herritarrentzako arreta bermatuko da zentroetan jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan. Zehatzago esanda, ospitalizazioari dagokionean, gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da eta agindutako jarduera garatzen duten zerbitzuen arreta ere bai; hala nola, hemodialisia, tratamendu onkologikoak Eguneko Ospitalean, Hematologiako tratamenduak Eguneko Ospitalean, Minaren Unitatean tratamendu jarraituan dauden pazienteentzako arreta, Erradioterapiako tratamenduak, simulazioa eta plangintza, eta Osasun Mentaleko Sareko Eguneko Ospitaleak. Horrez gain, lehentasunezko pazienteen eta ospitaleratuta dauden eta Errehabilitazioan dauden pazienteen arreta bermatuko da.
Halaber, premiazko ebakuntza kirurgiko guztiak eta Larrialdietako, ZIUko, URCEko, Zainketa Koronarioen Unitateetako, Kritikoen Unitateetako, Erditzeen Arloko eta antzeko beste unitate batzuetako jarduera guztiak ziurtatuko dira. Modu berean, 20. asteko ekografia eta amniozentesia egitea bermatuko da. Orobat, lehentasunezko arreta guztia eta ospitaleratutako pazienteena ziurtatuko da eta, bestalde, ohiko arreta, egonez gero, gaitasun logistikoaren %60ra bitartekoa izango da ebakuntza kirurgikoetan, zerbitzu zentraletan, kontsultetan eta CASSYRen (Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroak).
Ospitaleko Farmazia-zerbitzuei dagokienez, ospitaleratutako pazienteen arreta, tratamendu onkologikoak eta arautuak bermatuko dira. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan, berriz, odol eta ehunen emateak eta laginak ateratzea bermatuko da, eta Nafarroako Zentro Ospitalarioak hornitzeko odol-osagaiak eta ehunak lortzea gaitasun logistikoaren %60ra artekoa izango da gehienez.
Gainera, Pazientearentzako Sukaldaritza eta Elikadura zerbitzuetan jarduera %100 bermatuko da.
%100eko lan-erregimena izango da larrialdietan eta osasun-profesionaletan, Lehen Mailako Arretako puntu bakoitzean
Lehen Arretari dagokionez, lanaldi arruntean, oro har, oinarrizko osasun-eremu bakoitzean, lan-txanda bakoitzean (goizez eta arratsaldez), Familia Medikuntzako profesional bat egongo da, Pediatriako bat eta Erizaintzako bat, bost lanpostu edo gutxiagoko frakzio bakoitzeko. Etengabeko arretako gune bat baino gehiago dauden eremuetan, etengabeko arretako gune edo talde adina Familia Medikuntzako eta Erizaintzako profesional egongo dira gutxienez.
Bestalde, etengabeko arretako ordutegia kontuan hartuta, lan-erregimena oinarrizko osasun-eremu bakoitzean oro har ezarritako zerbitzuen %100ekoa izango da eta Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Normaletan oro har ezarritako zerbitzuen %100ekoa.
Ikastetxeak
Hezkuntza Departamentuari dagokionean, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako gutxieneko zerbitzuetan honako hauek egongo dira: ikastetxeko zuzendaritzaren arduraduna eta ikasketa-burua, Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitate edo frakzio bakoitzeko irakasle bat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo oinarrizko graduko heziketa-zikloetako lau unitate edo frakzio bakoitzeko irakasle bat.
Hezkuntza-laguntzako espezialista bakarra dagoen ikastetxeetan, hark egin beharko ditu gutxieneko zerbitzuak eta, gehiago egonez gero, gutxieneko zerbitzuak espezialisten %50ekoak izango dira.
Bestalde, hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan, gutxieneko zerbitzuetan egongo dira ikastetxeko zuzendaritzako arduraduna eta ikasketa-burua, sei unitate bakoitzeko lau irakasle, eskola-garraioaz arduratzen diren hezkuntza-laguntzako espezialistak, hezkuntza-laguntzako espezialisten plantillaren %67 eta garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.
Era berean, Departamentuari atxikitako haur-eskoletan, gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte zuzendaritzako arduradunak, bi unitate edo frakzio bakoitzeko haurren hezitzaile batek eta sukaldari batek eta garbiketa-lanak egiten dituen pertsona batek ere bai.
Babes Zibila eta Suhiltzaileak
Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari dagokionean, gutxieneko zerbitzuetan honako hauek egongo dira: Zerbitzuaren zuzendaria, segurtasunaren arloko teknikari bat eta Larrialdiak eta Komunikazio Sistemak Planifikatzeko eta Koordinatzeko Ataleko eta SOS Nafarroa Ataleko buru titularrak. Gainera, goizeko txandan, koordinazioko zazpi operadore laguntzaile egongo dira, zortzi arratsaldekoan eta lau gaueko txandan, eta kasu guztietan Aretoko buru bat ere bai.
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan, Nafarroa osorako ofizialorde bat, ofizialorde edo sarjentu zentral bat eta eskualdeko beste bat egongo dira. Gainera, kabo eta suhiltzaileen artean, parke bakoitzean gutxienez kopuru hauek egongo dira: hamaika Cordovillakoan, zazpi Iruñeko Trinitarioen parkean, bost Tuterakoan eta 4 Altsasu, Auritz, Lizarra, Lodosa, Nabaskoze, Oronoz, Zangoza, Tafalla eta Azkoiengo parkeetan.
Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa
Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren gutxieneko zerbitzuetan zergadunentzako laguntza- eta informazio-zerbitzua mantenduko dira, eta pertsona batek emango du erregistro bakoitzean (Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Doneztebe).
Eskubide Sozialak
Lizarrako Santo Domingo eta Iruñeko El Vergel adinekoentzako egoitza-arretako zentroetan, Iruñeko CAIDIS San Josen eta Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzan, zaintza pertsonalari, elikadurari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagokienean erabiltzaileen oinarrizko beharrak artatze aldera, gutxieneko zerbitzuak beteko dira jai-egunetarako aurreikusitako zuzeneko arretako langileekin.
Justizia
Justizia Zuzendaritza Nagusian, gutxieneko zerbitzuetan izango dira, besteak beste, autopsietako laguntzaile bat Auzitegi Medikuntzako eta Auzitegi Zientzietako Nafarroako Institutuan eta Psikologiako edo Gizarte Laneko profesional bat Nafarroako delituaren biktimei laguntza emateko.
Landa Garapena eta Ingurumena
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, gutxieneko zerbitzuak betetzeko, Ingurumeneko zaindari bat egongo da demarkazio eta txanda bakoitzeko.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua
Bestalde, Fuerte del Principe kirol-egoitzan hiru pertsona egongo dira gutxieneko zerbitzuetan, bat txanda bakoitzeko (goizez, arratsaldez eta gauez), eta Larrabide estadioan, bi pertsona goizeko txandan.






























