Gaurko Gobernu Kontseiluan argi berdea eman zaio Euskadiko industria ezkutuaren lehen neurri sortari, 1.047 milioi eurokoa, enpresa txiki eta ertainak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen % 51,4ko igoerarekin. Aurkeztutako neurriek Ekialde Ertaineko gatazkaren ondorioei aurre egiteko euskal industriaren ordezkariek helarazitako behar nagusiei erantzutea dute helburu.
Euskadin industria, ekonomia eta enplegua babesteko industria-ezkutuaren neurri-sorta hori lau ardatzen inguruan egituratzen da:
- Pertsonak eta enplegua babestea.
- ETEentzako finantza laguntza.
- Enpresa txiki eta ertainak eraldatzea eta dibertsifikatzea.
- Autonomia energetikoa.
Ardatz bakoitzera bideratuko diren aurrekontu-partiden artean, honako hauek nabarmentzen dira: 105 milioi euro erabiliko dira pertsonak eta enplegua babesteko; 450 milioi euroko ETEentzako finantza-laguntzaren programa abian jartzea; ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino edo 215 milioi euro energia-autonomia irabazteko.
Laguntza-sorta hau batera iragarri dute Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, Noël d ‘Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak.
Finantza-laguntzaren programa zabaltzea
Gobernu Kontseiluak onartutako beste neurri bat, baita gatazkak Ekialde Ertainean duen eraginari aurre egiteko ere, 2026an zehar Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei zuzendutako Finantza Laguntzako Programa zabaltzea izan da. “Erabaki honekin jarraipena eman nahi zaio joan den urtean abian jarri zen aparteko tresna bati. Izan ere, ziurgabetasun globalek bere horretan jarraitzen dutenez gero, tresna hori funtsezkoa izan da Euskadiko enpresa-jarduerari eusteko” Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azaldu duenez..
2026rako onartutako Finantza Laguntzako Programak 450 milioi euroko gehieneko ahalmena mantentzen du maileguetan, betiere likidezia-premiak eta zirkulatzailea finantzatzeko premiak estaltzera begira. Elkargi SGR sozietateak mailegu horien berme osoa hartuko du bere gain, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak funtsezko eginkizuna beteko du birfidantzamenduan. Egitura horrek baliabideak oso aldeko baldintzetan mobilizatzeko aukera emango du; batetik, finantza-kostua murriztuko da eta, bestetik, kreditua eskuratzea erraztuko da, baita egungo testuinguruan merkatuan hori lortzeko zailtasun handiagoa izan dezaketen enpresen kasuan ere.
Emantzipa Programarako dekretu berria
Era berean, Gobernu Kontseiluak dekretu berria onartu du gaur Emantzipa Programarako. Dekretu honen bidez, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du Euskadiko gazteen emantzipazio-prozesuak hasteko eta finkatzeko politika publiko integralarekin duen konpromisoa. Dekretua emantzipazio goiztiarragoa, egonkorragoa eta jasangarriagoa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak duen estrategiaren barruan sartzen da.
Dekretu berriak hilean 300 euroko zuzeneko laguntza ekonomikoa arautzen du, gehienez ere 24 hilerokotan, 23 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, baldin eta bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta urtean 3.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko diru-sarrerak badituzte, edo 36.500 eurora bitartekoak, baldin eta baterako zerga-ordainketa ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin egiten badute. Laguntza etxebizitza libre batean alokairu-erregimenean bizi direnentzat edo etxebizitza libre baten salerosketako titular direnentzat dago pentsatuta, hipoteka edo mailegua indarrean dutela, betiere ohiko bizileku iraunkorra bada.
Erlijio-gaietan jarduteko protokoloa
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 36/2024 Dekretuaren onarpenari. Dekretu honek Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailean txertatzen ditu erlijio-askatasunerako eskubidea baliatzeari buruzko gobernu-politikaren proposamenaren kudeaketa eta exekuzioa, bai eta erlijio-aniztasunaren kudeaketa ere. Herritarren erlijio- eta kultu-askatasunerako eskubidearen eraginkortasuna eta zabaltasuna hobetzeko, sail honek jarduera-protokolo orokor bat onartu du Espainiako Gobernuko Erlijio Askatasunaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Aniztasuna eta Bizikidetza Fundazioarekin.
Jarraipen-batzorde bat sortuko da, sei kidek osatua (bi erakunde bakoitzeko), eta urtero bilduko da. Bestalde, protokolo honek ez dakar gasturik, eta ez du alderdi sinatzaileen arteko finantza-ordainik eragingo.
646.750 euro kultura-sorkuntzarako
Gobernu Kontseiluak kultura-sorkuntzako prozesuei laguntzeko 2026ko deialdia onartu du. Aurten, berrikuntza gisa, deialdiak sormen grafikorako modalitateak ere barne hartuko ditu, orain arte aparteko deialdi espezifiko baten bidez kudeatzen zirenak.
Hala, Eusko Jaurlaritzak 646.750 euro bideratuko ditu deialdi honetara, iaz baino %5,5 gehiago. Antzerki testuak, gidoi zinematografikoak, musika‐konposizioak, gazteei zuzendutako euskarazko testu literarioak, euskarazko ipuin eta eleberri laburrak, koreografiak, eta berrikuntza modura, komiki eta nobela grafikoetan eta album eta liburu ilustratuetan oinarritutako sormen grafikorako prozesuak babesteko izango da deialdia.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Atzerriko tituluen homologazioa arintzeko koordinazioa
Azkenik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Hezkuntza Sailaren eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren, Kataluniako Generalitatearen eta Galiziako Xuntaren arteko hitzarmenari, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetan atzerriko tituluak eta ikasketak homologatzeko eta baliozkotzeko lankidetza indartzeko.
Hitzarmen horren helburua da espedienteen izapidetze arinagoa, homogeneoagoa eta seguruagoa egitea, administrazio eskudunen arteko koordinazioa hobetuz eta atzerrian ikasketak egin dituzten pertsonek beren prestakuntzan azkarrago jarrai dezaten lagunduz.
Hitzarmenak ez du eduki ekonomikorik, eta, hasiera batean, lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin.






























