Europako POCTEFA programaaren onuradun diren 400 pertsona inguruk parte hartu dute, gaur goizean Iruñean, Nafarroa buru den Pirinioetako Lan Komunitateak (PLE) antolatutako lantegi batean. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok ireki du ekitaldia, eta PLE osatzen duten lurralde guztiek hartu dute parte: Euskadi, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Akitania Berria, Andorra eta Nafarroa.
INTERREG POCTEFA programaren 2. deialdi klasikoan eta proiektu txikien deialdian programatutako proiektuen erakunde bazkideentzako mintegiak 183 pertsona bildu ditu aurrez aurre, eta 200 baino gehiago telematikoki, egun osoan zehar iraun duen lanaldian.
Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak aipamen berezia egin nahi izan die onartutako 26 proiektu nafarrei, eta parte-hartzaileak zoriontzeko eta agurtzeko aprobetxatu du ere. «Lehendakariorde eta kontseilari gisa, nire taldearen eginkizunetako bat da mugaz gaindiko lankidetza-programa horietan parte hartu nahi duten Nafarroako eragileak babestea eta sustatzea», zehaztu du, eta azpimarratu du Foru Gobernuaren ustez, «Mugaz gaindiko Nafarroa gehiago, Europan Nafarroa gehiago dela, eta hori aukera bat da». Zentzu horretan, Europa «urruneko zerbait bezala ez sentitzeko beharra» azpimarratu du, «bere herritarrengandik gertu dagoen Europa bezala baizik». «Esan ohi dudan bezala», gaineratu du, «Mugaz Gaindiko Nafarroa 0 Km-ko Europa da».
Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak lagundu du Ollo lehendakariordea, eta Nafarroako Gobernuaren 2025-2028 Kanpo Ekintzako II. Planean mugaz gaindiko Nafarroa horren alde egindako lana ere ekarri du gogora. Joan den astean, Nafarroako Gobernuak Akitania Berria Euskadi Nafarroa ABEN Euroeskualdearen lehendakaritzaren lekukoa helarazi zion Euskadiri, eta, gaur egun, Pirinioetako Lan Elkartearen txandakako presidentetza du 2027ra arte. Gainera, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, mugaz gaindiko lankidetza indartzeko lanean jarraitzen du; izan ere, duela gutxi Europako Mugako Eskualdeen Elkartean (ARFE) sartzeko eskatu zuten, eta, laster, mugaz gaindiko lankidetzarako laguntzen deialdia ebatziko dute.
«2021-2027 aldirako INTERREG POCTEFA programaren azken deialdiko Programazio Batzordea egingo dugu Iruñean, INTERREG HELBURUA izenekoa. Horretarako lanean ari gara jada, eta ziur nago interes handia piztuko duela gaur hemen zaudetenen artean», nabarmendu du Ollo lehendakariordeak.
2021-2027 aldirako Europako Interreg POCTEFA programak 243 milioi euro zituen mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko, eta lurralde hautagarrien arteko norgehiagoka-deialdien bidez banatu dira, Pirinioetako Lan Erkidegoa osatzen duten lurraldeen artean: Euskadi, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Akitania Berria, Andorra eta Nafarroa.
Halaber, foroa aprobetxatu du Ollok 2026ko azaroan POCTEFA 2021-2027 FERIA egingo dela iragartzeko, Iruñeko Baluarten. Bertan programazio-aldi honetako POCTEFA deialdien onuradun diren Nafarroako erakunde guztiak daude deituak, POCTEFA 2014-2020 programan egin zen bezala.
Mugaz gaindiko Nafarroa
Nafarroako Gobernuaren 2025-2028 Kanpo Ekintzako II. Planaren helburua da Nafarroak Europan duen posizionamendua bultzatzea, ahots propioz, eta munduan, eragile global gisa, bere komunitatearen onurarako aliantzak eta lankidetza bilatzen dituena, bai eta Foru Komunitatearen mugaz gaindiko kokapen geografikoa abantaila estrategiko gisa baliatzea ere.
Hain zuzen ere, haren formulazioan ardatz bat ezarri zen, bigarrena, «Mugaz gaindiko Nafarroa» izenekoa, Europako lurralde-lankidetzaren potentzial guztia aprobetxatzeko helburuarekin. Gainera, Nafarroako Gobernuak berezko izaera ezarri nahi izan du Nafarroa bera partaide den foro eta guneetan, bereziki Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen (2024-2026) eta Pirinioetako Lan Elkartearen (2025-2027) lehendakaritzetan, baita mugaz gaindiko herritar nafarrei laguntza eman ere.
Gogoan izan behar da Nafarroak 2025-2027rako Pirinioetako Lan Elkartearen txandakako lehendakaritzan dituen lehentasunak honako hauek direla: Europan Kohesio Politika defendatzea eta 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruan eskualdeen eta mugaz haraindiko lankidetza-egituren eginkizuna defendatzea, bereziki mugaz haraindiko lankidetza-programetan; 2028-2035 Pirneoetako Estrategia egitea eta abiaraztea, gainerako eskualdeekin batera; PLEren lana eta posizionamendua, estatuek mugaz gaindiko harreman-guneak garatu eta ezartzeko, Europako araudiaren ondorioz (EU) 2025/925 Erregelamendua, mugako eskualdeen garapenerako eta hazkunderako tresna bati buruzkoa (BRIDGEforEU); eta belaunaldi-erreleboari eta erronka demografikoari ekitea, bere bertsio zabalenean eta bere alderdi ezberdinetan (asistentziala, jaiotza-tasa, etab.) ulertuta, bereziki Pirinioetako landa-eremuetan.





























