130 estazio meteorologikok euskal herritarren egunerokotasuna babesten laguntzen dute

  • Munduko Meteorologia Eguna dela-eta, Euskalmetek gogorarazi du garrantzitsua dela Euskadiko fenomeno meteorologikoak behatzea eta neurtzea, herritarrak babesteko.

Hamar minutuz behin, Euskadi osoan zehar banatuta dauden 130 estazio meteorologikok tenperatura, euria, haizea edo ibaien maila neurtzen dute. Datu horiek denboraleei aurrea hartzeko, alertak aktibatzeko eta iragarpen meteorologikoak hobetzeko aukera ematen dute, bizitzak, ondasunak eta ekosistemak babesteko. Euskadin, behaketa-lan hori Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundien eta beste erakunde batzuen lankidetzarekin, hedatu eta mantentzen duen tresneriaren bidez egiten da.

Munduko Meteorologia Erakundearen (MME) Konbentzioa 1950ean indarrean jarri zela gogoratzeko urtero martxoaren 23an ospatzen den Munduko Meteorologia Eguna dela eta, gogoan izan behar da behaketa meteorologiko eta klimatiko horiek eta kalitatezko informazio zientifikoak duten garrantzia euskal lurraldearen plangintzarako, erresilientziarako eta garapen jasangarrirako.

MMEk aurten ezarritako leloak, “Gaur behatzea biharkoa babesteko”,  erakusten du ingurunea etengabe behatzeak erabaki informatuak hartzeko eta gizartea fenomeno meteorologiko kaltegarrietatik babesteko aukera ematen duela, eta Euskalmetek 1990ean sortu zenetik egiten du lan konplexu hori.

HISTORIA ETA BILAKAERA

Euskadin behaketa meteorologiko modernoak lotura estua du Euskalmetek erakunde gisa izan duen garapenarekin. 1983ko uholdeen ondoren hasi zen dena, Eusko Jaurlaritzak informazio meteorologiko propioa eta denbora errealean izateko beharra ikusi zuenean, fenomeno meteorologiko kaltegarriak prebenitzeko.

1988an eta 1989an instalatu ziren lehenengo estazio meteorologiko automatikoak, eta “Sare Primarioa” deiturikoa osatu zuten. Sare horrek 26 estazio zituen konektatuta, eta, horiei esker, une oro lurraldean zer gertatzen ari zen jakin zitekeen, bertako orografia berezia eta mikroklima mota desberdinak kontuan hartuta. Estazio horiek orduero igortzen zituzten datuak telefonoz, eta tenperatura, hezetasuna, haizea, prezipitazioa eta, zenbait kasutan, irradiazioa eta presioa neurtzen zituzten.

Handik gutxira, 1990ean, “Erabilera Anitzeko Sarea” bultzatu zen. Datuak biltzeko sistema bateratu horrek behaketa meteorologikoak eta hidrologikoak barne hartzen zituen, Meteorologiako Euskal Batzordea osatzen zuten euskal erakundeen arteko (foru-aldundiak, EHU, EEE eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sail) lankidetzari esker. Azpiegitura horrek irrati bidezko komunikazioa sartu zuen, informazio tarteak 10 minutura murriztuz.

90eko hamarkadaren amaieran, sare horrek bilakaera izan zuen, eta “Euskal Autonomia Erkidegoko sare hidro-meteorologikoa” bihurtu zen. Sistema horrek aktibo jarraitzen du gaur egun, etengabe ari da hazten eta euskal administrazio guztiak biltzen ditu (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak, ur-partzuergoak, etab.). Neurketa ozeano-meteorologikoak egiteko lehenengo sistemak ezarri ziren AZTIren eskutik (1992), irrati bidezko komunikazioen sare propioa sortu zen (1995) eta Iberiar Penintsulako aire garbiaren lehen profilagailua instalatu zen (1996).

Lehenengo urte horietan, Euskalmet informazio meteorologikoa jasotzera eta transmititzera mugatu zen, eta 2001etik aurrera aldatu zuen bere asmoa, eta gaur egun ezagutzen dugun zaintza- eta predikzio-sistema sortu zen.

ORAINA ETA ETORKIZUNA

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren sare hidro-ozeano-meteorologikoa Europako behaketa-azpiegitura osoenetako bat da. Bertan, hainbat neurketa-sistema integratzen dira, atmosfera, ibaiak eta itsas-ingurunea etengabe monitorizatzeko. Sistema nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Sare hidro-meteorologikoa: 130 estazio baino gehiago ditu, eta denbora errealean neurtzen dituzte aldagai meteorologikoak, hidrologikoak, ozeano-meteorologikoak eta, kasu batzuetan, uraren kalitate-parametroak.
  • Kapilduiko radar meteorologikoa: 2005etik dago martxan, eta prezipitazioa behatzeko eta atmosferaren ekorketa bolumetrikoak hamar minutuero egiteko aukera ematen du.
  • Maiztasun handiko kostaldeko radarra, Bizkaiko Golkoko azaleko korronteak neurtzen dituena.
  • Plataforma ozeano-meteorologikoak eta Donostia parean dagoen ur sakonetako buia, ozeanoaren eta atmosferaren aldagaiak erregistratzen dituztenak.
  • Deskarga elektrikoak detektatzeko sarea, Europako LINET sisteman integratua.
  • Disdrometroen sarea, prezipitazio-partikulen tamaina, abiadura eta mota aztertzeko aukera ematen duena.

Informazio hori guztia Euskalmetek jasotzen du, eta bertan datuen kalitatea kontrolatzeko, aztertzeko eta produktu meteorologikoak sortzeko prozesuak egiten dira, eta, ondoren, erakundeei, enpresei eta herritarrei zabaltzen zaizkie webgunearen bidez, erabat doakoa den zerbitzu publikoaren ikuspegiarekin.

Etorkizuneko erronka meteorologikoei eta klimatikoei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritza behaketa-sare hori berritzeko eta modernizatzeko programa bat ere ari da bultzatzen. Aurreikusitako jardueren artean nabarmentzekoak dira Kapilduiko radarraren ordez azken belaunaldiko radar meteorologiko bat eta beste radar meteorologiko trinko berri bat jartzea, dozenaka estazio automatikotan sentsore berriak jartzea, plubiometroen sarea zabaltzea eta behaketa ozeanikorako hainbat plataforma berritzea, besteak beste.

BEHATU BABESTEKO

Behaketa-sare horren erabilgarritasuna fenomeno meteorologiko kaltegarrien zaintzan islatzen da bereziki. Euskalmetek atmosferari, ibaiei eta itsasoari denbora errealean egiten dien jarraipenari esker, aldez aurretik aktibatu daitezke abisu meteorologikoak eta babes zibileko protokoloak, herritarren segurtasunari zuzenean laguntzen diotenak. Alde horretatik, Euskalmetek doako harpidetza-zerbitzu bat eskaintzen du, “Abisuak nahieran” izenekoa, eta, horren bidez, edonork jaso ditzake bere posta elektronikoan Agentziak eguraldi txarragatik ematen dituen abisuak.

31 urtez bildutako datu horiek Euskalmeten zerbitzu operatiboa etengabe hobetzea eragin duten eguraldiaren iragarpen-ereduak ere elikatu dituzte, eta zehaztasun handiagoa ematen dute epe oso laburreko edo laburreko aurreikuspenetan.

Sareak sortutako informazio hori guztia funtsezkoa da beste hainbat arlotan ere, hala nola uraren kudeaketan, nekazaritzaren eta energiaren plangintzan, klima-aldaketaren azterketan edo lurraldeko mikroklimei buruzko ikerketa zientifikoan, eta horrek lurraldea hobeto ezagutzen eta etorkizuneko erronka meteorologikoei eta klimatikoei aurre egiteko gizartearen erresilientzia indartzen laguntzen du.