Bengoetxea lehendakariordeak instituzioen arteko koordinazioa eta ikuspegi zabala eskatu dizkio Sanchezi, laguntzak euskal enpresetara eta herritarrengana iritsi daitezen

Lehenengo lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, gaur adierazi du Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela Ekialde Hurbileko krisiaren bilakaerarekin eta honek energiaren prezioetan ez ezik, Euskadiko hornikuntza- eta merkataritza-kate globaletan ere duen eraginarekin. Azaldu duenez, egoera honek dagoeneko ondorioak eragiten ari da Euskadin, bai euskaldunen etxeen ekonomietan, bai enpresa-jardueran ere.

Lehenengo lehendakariordeak azaldu du erregaien prezioen igoerak eta inflazioaren goranzko presio posibleak herritarrengan eragin zuzena izaten ari direla. Halaber, nabarmendu du euskal industria, eta bereziki sektore elektrointentsiboak, energiaren eta ekoizpenaren kostuen igoera esanguratsua jasaten ari direla, eta honek zuzenean eragiten duela haien lehiakortasunean eta ekoizpen-gaitasunean.

Testuinguru honetan, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza aurreikuspenarekin eta bizkortasunez ari dela jokatzen. “Aurreko astean, Lehendakariak Industriaren Defentsarako Taldea batu zuen, herria erantzun koordinatua artikulatzeko helburuarekin. Horri gehitzen zaio aste honetan bertan aktibatu den 1.047 milioi euroko lehen neurrien paketea, Euskadiko industria-ezkutuaren baitan kokatua, euskal ehun ekonomikoa eta enplegua babestea duena helburu”, zehaztu du Bengoetxeak.

Erakundeen arteko lankidetzaren aldeko deia

Lehenengo lehendakariordeak berretsi du maila instituzional desberdinetan hartzen diren neurriak lankidetzaren eta koordinazioaren bidetik gauzatu behar direla, bereziki nazioarteko ziurgabetasun handiko testuinguru honetan.

Gogorarazi du Lehendakariak dagoeneko eskatu diola Sanchez presidenteari erakundeen arteko lankidetza marko bat ezartzea, erantzun lerrokatu eta eraginkorrak bermatzeko helburuarekin.

Argindarraren faktura arintzera bideratutako neurriak

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen artean, lehenengo lehendakariordeak azpimarratu du beharrezkoa dela neurrien multzoa energiaren prezioaren eraginari aurre egitera bideratzea, bai etxeetan, bai industria-sarean.

Ildo horretan, gogorarazi ditu Lehendakariak Espainiako Gobernuari helarazitako proposamenetako batzuk:

  • Familientzako argindar-fakturaren BEZa %21etik %5era murriztea.
  • %7ko elektrizitate-sorkuntzaren gaineko zerga kentzea.
  • Garraio- eta banaketa-tasak murriztea.
  • CO₂aren kostuen konpentsazioetara bideratutako zenbatekoa handitzea, legeak baimentzen duen gehienezkoa arte (600 milioi euro), aurreikusitako 240 milioien aurrean.

Neurri hauek, adierazi duenez, ezinbestekoak dira krisiaren ondorioak euskal ekonomian arintzeko eta energia-fluktuazioekiko bereziki sentikorrak diren sektoreen jarduera babesteko.

Tubos Reunidos-en egoera

Lehenengo lehendakariordeak Tubos Reunidos enpresaren egoerari ere egin dio erreferentzia, azpimarratuz enpresak etorkizunari begira une erabakigarrian dagoela.

Adierazi du hurrengo urratsa zorren berregituraketa izan behar dela, industria-inbertsore berrien sarrera ahalbidetzeko ezinbesteko baldintza. Ildo horretan, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak aste honetan bertan helarazi diola Espainiako Gobernuari formula zehatz eta ikuspegi juridikotik bideragarria, SEPIren bidez berregituraketa hau gauzatzeko aukera emango lukeena.

Azaldu duenez, “egoera honetara egokitua eta xehetasunez aztertua” den bidea da, eta ohartarazi du orain Espainiako Gobernuaren eta SEPIren esku dagoela aurrera egiteko erabakia. “Denbora funtsezko faktorea da: erabakerik gabeko egun bakoitzak proiektuaren bideragarritasuna zailtzen du eta inbertitzaile berriak erakartzeko aukera urruntzen du”, adierazi du.

Lehenengo lehendakariordeak gogorarazi du ibilbide-orriaren hiru zutabeak argiak direla: gizarte-bakea; zorren berregituraketa; eta industria-inbertsore berrien sarrera. Halaber, baieztatu du Eusko Jaurlaritza jada lanean ari dela inbertitzaileak identifikatzen, nahiz eta prozesu hori soilik izango den posible berregituraketa desblokeatzen bada, gaur egun Espainiako Gobernuaren eta SEPIren esku baitago.