Illunbek sarbide hobea izango du 1,3 milioi euroko inbertsioari esker

Tokiko Gobernu Batzarrak Parke Teknologikoaren zabalkuntzara eta erabilera anitzeko pabiloi berrira sartzeko biribilgunea eraikitzeko proiektua onartu du

Donostiako Udalak Parke Teknologikoaren zabalkuntzara eta Illunbeko erabilera anitzeko pabiloi berrira sarbideak hobetuko ditu, Begiristain Doktorearen pasealekuan biribilgune berri bat sortuz. Horri esker, Miramon pasealekuarekiko lotunerako mugimendu posible guztiak egin ahal izango dira. Konexio berri horrek 1.319.686 euroko inbertsioa eta 6 hilabeteko egikaritze-epea izango ditu.

Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, «Illunbek eraldaketa handia jasango du datozen hilabeteetan, eta bizitzaz beteko den espazioa izango da, bai bere jarduera enpresarialagatik, bai kirolarekin eta kulturarekin lotutakoagatik. Gure lana da, bertan garatuko diren proiektuak bultzatzeaz gain, jarduera horietara joaten diren pertsona guztiei erraztasunak ematea, modu eroso eta irisgarrian egin dezaten «.

Insaustik gaineratu duenez, «ingurunean proiektatuko diren konexio berriez gain, joan den astean iragarri genuen bezala aurrera doazenak, duela urte batzuetatik konpromisoa dugu Ospitaleetako igoeratik ibilgailuentzako sarbidea hobetzeko, norabide guztietako sarrera- eta irteera-fluxuak arintzeko helburuarekin«.

Hala, Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako proiektuak aurreikusten du

  • biribilgune bat eraikitzea 11 metroko barne-erradioarekin,
  • eta eremu horretako egungo malda % 3ra murriztea.

Jarduera horri esker, arintasun handiagoa izango da Illunberako sarbideetan, jarduera handiagoa hartzen hasten den unean. Gainera, proiektu honek Amara Berriko trafikoak deskargatuko ditu, ibilgailuak zuzenean joan ahal izango baitira Ospitaleen inguruan sarbidea duten edukiera handiko bideetara”.

Adinekoentzako zerbitzu hobeak

Illunbeko Parke Teknologikoa zabaltzean sortuko den jarduera ekonomikoari esker aberastasuna sortuko da hirian, eta horrek, aldi berean, donostiarrei mesede egingo die, zerbitzu hobeak eskaini ahal izango baitira. Adinekoentzako zerbitzuak hobetzeko laster egingo den proiektuetako bat Erdialde zahar-etxea birgaitzea da. Izan ere, Gobernu Batzarrak horren lizitazioa onartu du 1.719.981 euroko aurrekontuarekin.

Proiektua gauzatzeko epea 12 hilabetekoa da, eta, horri esker, hirian erabiltzaile gehien dituen eta urte osoan zehar jarduera handia duen zentroa birgaitu ahal izango da. Gaur egun, Idiakez kaleko 6. zenbakian dagoen lokalak zuzendu beharreko arazoak ditu, hala nola segurtasun-falta sute-arriskuaren aurrean, irisgarritasun unibertsaleko mugak, osasungarritasun-arazoak eta zaharkitze orokorra instalazioetan.

Jarduketa horri esker, Zaharren Etxea handitu egingo da, ezkerrean dagoen lokalaren azalera gehituz, eta lokalaren birgaikuntza funtzional, ingurumenekoa eta teknologikoa egingo da, haren gabeziak zuzenduz:

  • Larrialdi-irteera bat eta ebakuazio-ibilbide alternatibo bat prestatuko dira solairu guztietan.
  • Sototik eskailera babestu bat jarriko da, eta suteen aurkako babes-instalazioak eguneratu egingo dira.
  • Irisgarritasun unibertsalaren baldintzak hobetuko dira: 0 kota sarrerako solairuan, erabat egokitutako igogailua, komun egokituak.
  • Ostalaritzako jarduera eraberrituko da.
  • Argi naturalaren aprobetxamendua bultzatuko da.
  • Eraginkortasun energetikoaren baldintzak hobetuko dira.
  • Sotoko hezetasun-arazoak konponduko dira.

Zerbitzu hobeak familientzat

Gobernu Batzordeak, halaber, Amara Berri auzoko Olaeta plazan haur-parke bat estaltzeko obren kontratazio-espedientea onartu du, 253.706 euroko aurrekontuarekin eta 5 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Proiektua 2023ko partaidetzazko aurrekontuen prozesutik dator, eta bigarren proposamen bozkatuena izan zen, 830 botorekin. Proiektuaren kokalekua Amara Berri ikastetxeko sarreraren parean dagoen haur-parkea da, eta proiektatutako ehun-estalkiari esker, auzoko familiek eguraldi txarretik babestutako espazio bat izango dute.

Euskararen sustapena

Hiriko jarduera ekonomikoak sortzen duen aberastasunari esker bultza daitekeen beste proiektuetako bat euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzea da.

Gaurko Gobernu Batzarrean euskaltegientzako dirulaguntzen deialdia onartu da, talde bereziei ikastaroak eskaintzeko: gurasoak, erretiratuak, ostalariak, merkatariak, 14-15 eta 16-18 urte bitarteko gazteak, aisialdi-begiraleak, kirol-entrenatzaileak eta etorri berriak, besteak beste. Dirulaguntza horietara bideratutako zenbatekoa 2026rako 135.150 eurokoa izango da.