- Aste honetan, VitiTransfer jardunaldi teknikoak egingo ditu zentro teknologikoak Guardian eta Getarian, mahastietan aplikatutako berrikuntzaren gaineko ikuspegi integral bat eskaintzeko
- Jardunaldi horietan, hainbat praktika azalduko dira, esaterako, landare-estalkiak, inausketa berantiarra, artropodoen zeregina izurrien kontrolean edo gaixotasunen detekzio goiztiarra
- Gaur Guardiako saioan aurkeztu den ekimenak xede du frogantza-lurzatien sare bat eratzea, non ikerketa upategien eta mahastizainen egiazko beharren araberakoa izango baita
EAEko mahastizaintzak, etorkizuna bermatzeko, neurriko soluzioak topatu nahi ditu, hala nola inausketa berantiarra erabiltzea mahastiak klima-aldaketatik babesteko edo artropodoen biodibertsitatea sustatzea, izurrien aurkako aliatuak diren aldetik. Erronka horiei aurre egiteko, NEIKER zentro teknologikoak VitiTransfer jardunaldiak egingo ditu. Sektore profesionalen topagune horretan, NEIKERek mahastizaintzan egindako aurrerapen berrienak erakutsiko dira.
Bi lurralde-saio izango ditu foroak, eta mahastietan aplikatutako berrikuntzaren gaineko ikuspegi integral bat eskainiko du, natur baliabideen kudeaketatik hasi eta ustiategien digitalizazioraino, laborean laboreko berezitasunak kontuan hartuta. Lehen jardunaldia gaur goizean da, Guardian (Arabako Errioxa); bihar, asteazkena, Getariako (Gipuzkoa) Zarautz jauregian egingo da bigarrena.
“Topaketa horien helburua da saiakuntzetan sortzen den ezagutza modu baliagarri eta zuzenekoan iristea sektorera, eta erantzun ukigarriak eskaintzea, upategiek eta mahastizainek erabaki doi eta jasangarriagoak har ditzaten euren egunerokoan”, azaldu du Roberto Pérez-Parmo NEIKEREko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak.
Esperimentazio-lurzatien sarea
Guardian gaur aurkeztuko den berritasun nagusietako bat da mahastizaintzako esperimentazio-lurzatien sarea sortzeko ekimena. Proiektu horren bidez, NEIKERek sektorearekiko lankidetza indartu nahi du, entzuten aktiboa baliatuta horretarako. Hala, ikerketa Euskal Autonomia Erkidegoko upategien eta mahastizainen egiazko beharren araberakoa izango da.
Sare hori parte hartzeko gune baten modukoa izango da, eta upategiek beraiek zehaztuko dituzte frogantza-lurzatiak, soluzioak baldintza errealetan ebaluatzeko. “Helburua da mahasti horiek emaitzak partekatzeko lekuak izan daitezela, hots, ezagutza trukerako eta interes komuneko lan-ildo berriak zabaltzeko, sektorearen egungo kezkei eta lehentasunei erantzutean jarrita arreta”, dio Pérez-Parmok.
Emaitzen transferentzia
Jardunaldietara bertaratzen direnek, gainera, lehen eskutik jakingo dituzte mahastien kudeaketa hobetzeko egindako proiektuetan lortu diren emaitzak. Lurzoruari dagokionez, Elvillarren sei urtez egin den ikerlanaren ondorioak aurkeztuko dira; landare-estalkien portaera larratzearen aurrean, nekazaritza-jardunbideen inpaktua lurzoruaren funtzio aniztasunean eta karbono-aztarna GENiAGROALAVES proiektuaren bidez neurtzea.
Mahatsondoak klimari erantzuten dion erari dagokionez, Samaniegon egin diren inausketa berantiarreko probetan —kimatzea geroratzeko— lortu diren datuen berri emango da, baita Lantziegon probatu den ureztapen zatikatuak —ekarpen hidrikoa optimizatzeko— izan duen eraginaren berri ere. Laborearen kudeaketaz gain, topaketetan, artropodoen biodibertsitateak izurrien kontrol biologikoan jokatzen duen rola aztertuko da, eta mahastizainek eta upategiek bildutako landare-material interesgarria berreskuratzeko kanpaina aurkeztuko.
Osasuna ere zentrala da egitarauan, gaixotasunen detekzio goiztiarrari helduko zaio eta. Analisirako erabilitako teknologiari esker, kontrol sanitarioaren iragana, oraina eta geroa aztertu, eta, hala, sargaiak doitu litezke. Hala, ebidentzia zientifikoak eskuratuko dira, eta, horien bidez, mahastien gaineko kudeaketa-erabakiak hartzea errazago gertatuko da labore-ziklo osoan.
Gainera, AGA KS kudeaketa-zentroak ponentzia hau aurkeztuko du: “Drone bidezko mapatzea, mahastizaintza adimendunerako”.
Sektorearen lankide estrategikoa
Ezagutza-truke horren oinarria da NEIKER mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorerako I+G+Bn espezializatutako zentroaren ibilbidea. Zentroak diziplina anitzeko lantaldea du, besteak beste, arlo hauei helduta: fitopatologia, ongarritzea, biodibertsitatea eta lurzati komertzialetako lurzoruaren osasuna. Horrek aukera ematen du ikerketak baldintza errealetan testatzeko, profil eta tamaina desberdinetako upategiekin elkarlanean aritzen baita. Horri esker, emaitzak mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorera transferitu daitezke.
Ikerketa-jardueraz gain, zentroak laborategi-zerbitzuak eskaintzen ditu, ustiategien kudeaketa teknikoari laguntzeko. Zerbitzu horiek barne hartzen dituzte, adibidez, birusen eta bakterioen diagnostiko zehatza, barietate-identifikazioa eta hosto eta lurzoruen analisia. Hala, NEIKER lankide estrategikoa da, sektoreko profesionalei behar dituzten tresnak eta laguntza eskaintzen dizkielako, zehaztasun zientifikoz egin diezaioten aurre gaur egungo produkzio- eta ingurumen-erronkei.






























